Ekonomia -
EAJ-PSE
Erreforma fiskalerako akordioa 'oso gertu' dagoela esan du Egibarrek
Horrez gain, PPrekin eta Bildurekin hartu-emanak hasiak dituztela azaldu du, Batzar Nagusietan Foru arauak moldatzeko helburuarekin.
Erredakzioa
Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidenteak esan du PSE-EErekin zerga erreformaren inguruan sinatu nahi duten akordioa “oso gertu” dagoela. Izan ere, irailaren 15a baino lehen akordioa sinatu beharko dutela azpimarratu du.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Egibarrek adierazi du Eusko Legebiltzarrean politika fiskalari buruzko eztabaida egingo dute. Horrez gain, PPrekin eta Bildurekin hartuemanak hasiak dituztela azaldu du, Batzar Nagusietan Foru arauak moldatzeko helburuarekin.
PSE-EErekin “gutxieneko” batzuk sinatu ondoren, EAEko hiru Batzar Nagusietako gainerako taldeei adostasun hori helaraziko diete, “ontzat ematen badute, negoziazioari bide emateko eta erreforma Batzar Nagusietan onartu ahal izateko”.
Bestalde, ETAren desarmeaz, Espainiako Gobernuaren jarrera “onartezina” dela esan du Egibarrek. Hala ere, gai horri “irtenbidea” aurkituko diotela iritzio dio EAJko ordezkariak.