Ekonomia -
Mobilizazio astea
Metalgintzako grebak 'jarraipen zabala' izan du, sindikatuen arabera
LAB, UGT eta CCOO sindikatuek 24 orduko lanuztea deitu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ELAk mobilizazio astea deitu du. Confesbasken hitzetan, grebarako deialdiak ''porrot'' egin du.
Erredakzioa
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Euskal Autonomia Erkidegoko metalaren sektorean gaurko deitu duten grebak "jarraipen zabala" izan du, jakinarazi dutenez. Confesbasken hitzetan, berriz, ''jarraipen txikiko'' greba eta ''porrota'' izan da.
Aipaturiko hiru sindikatuek mobilizazio bateratuak deitu zituzten ostiralerako Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan, metalgintzako lurralde hitzarmenen defentsan.
Gaurko greba deialdiak "jarraipen zabala" izan duela adierazi du CCOO sindikatuak ohar batean. Sindikatuaren arabera, % 80ko jarraipena izan du grebak enpresa handietan eta % 60koa, berriz, enpresa txiki eta ertainetan. Grebaren balorazioa, beraz, positiboa da CCOO sindikatuarentzat. "Patronalaren esku dago gatazkarekin jarraitzea edo langileen eskubideak eta lan-baldintzak bermatzeko lurralde hitzarmenei eustea", azpimarratu zuen CCOOk.
LABen hitzetan ere erantzuna ''sekulakoa'' izan da, eta, desadostanen gainetik, CCOO, UGT eta ESK sindikatuekin batera ''patronalaren aurrean batasuna agerian uzteko gaitasuna'' egon izan dela azpimarratu zuen. ELA deialdi horretan ez egotea da LABentzat ''puntu beltz'' bakarra.
ELAren hitzetan ere ''arrakastatsua'' izan da sindikatuak aste honetan metalaren sektoreak deitutako protesta, eta enpresa hitzarmenak lurraldeko hitzarmenen aurretik negoziatzea defendatu zuen. Hala, orain 10 bat egun erreformaren kontra blindatutako hitzarmenak 60 zirela eta orain dagoeneko 80 direla azpimarratu zuen ostiralean ELAk.
Confesbasken balorazioa
Confesbasken hitzetan, greba ''eragin gutxi'' izan du hiru lurraldeetan (EAE), eta ''garrantzirik gabeko'' deialdia izan zen, ''porrota''.
Metal arloko Bizkaiko Federazioak emandako datuen arabera, enpresen % 86 normaltasunez izan da lanean, eta gainerako % 14an izandako gertaerak ''piketeen eta horiek eragindako indarkeriaren ondorioz'' gertatu ziren.
SEAk emandako datuen arabera, Arabako metal arloan deitutako mobilizazioek ''eragin ezdeusa'' izan zuten, eta Adegiren hitzetan ere ''erabateko porrota'' izan ziren aste honetan deitutako grebak. "Astelehenean, % 20; asteartean, % 4%; asteazkenean, % 15; ostegunean, % 1; eta ostiralean, berriz, % 18'', gogoratu zuen Adegik.
Greba, uztailaren 4an
Halaber, CC.OO., LAB eta UGT sindikatuek greba eguna deitu zuten atzo, ostirala, uztailaren 4rako, hiru egun geroago iraunaldia galduko duten lan hitzarmenen defentsan.