Ekonomia -
Mendeko ekarpenen auzia
40 egun eman ditu epaileak Eroskiren ekarpenenetan akordiora iristeko
Epaileak epe hori eman die aldeei epaiz kanpoko akordio batera iristen saiatzeko.
Erredakzioa
Eroskiren mendeko finantza-ekarpenak direla eta Adicae finantza erakundeen erabiltzaileen elkarteak eta 73 partikularrek Eroskiren eta BBVAren aurka jarritako salaketa kolektiboan, Bilboko merkataritza-gaietarako epaitegiko epaile batek 40 eguneko epea eman die aldeei epaiz kanpoko akordio batera iristen saiatzeko.
Orain hamarkada bat Eroskik komertzializatutako mendeko zor "iraunkorraren" auziagatik epaiketa aurreko saioa hasi da gaur, eta epaileak akordiora iristeko epe hori eman die bi aldeei.
Saioaren bukaeran, Adicae elkarteko abokatuak azaldu duenez, "faltsuzko publizitateagatik" jarri dute Eroskiren aurkako salaketa, mendeko finantza-ekarpen horiek "mugaegunera arte" euriborra gehi hiru puntu ordaintzea ziurtatzen baitzuten, hau da, inbertitzaileentzat "erakargarria zen errentagarritasuna".
Adicaeren iritziz, "nahita ezkutatu zuten, garai horretan, Espainian komertzializatutako beste lehentasunezko akzioekin bezala" eta "mugaegunera arte jartzen zuena, zor iraunkorra zen", azaldu du abokatuak.
Eroskiko abokatuak, ordea, emisioa legezkoa izan zela argudiatu du eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak babestutakoa. Hori dela eta, euren aurkako salaketak kentzeko eskatu du eta Adicae elkarteko abokatuak esan duenez, epaiz kanpoko akordioetara iristea errefusatu du.
Adicae elkartearen arabera, Eroskik eta Fagorrek ateratako produktu honengatik kaltetutakoak 40.000 lagun inguru izan daitezke.
Eroskik, hauen bidez, 660 milioi euro eta Fagorrek 185 milioi euro lortu zituztela uste da.