Ekonomia -
Mendeko ekarpenen auzia
Greavesek dimisioa eman du, Legebiltzarraren gaitzespena jaso eta gero
Gasteizko Ganberak Kontsumobideko zuzendariaren jarduna gaitzetsi zuen atzo, mendeko ekarpenen auzian Eroskiren eta Fagorren alde agertzeagatik.
Erredakzioa
Belen Greaves Kontsumobideko zuzendariak dimisioa eman du, Eusko Legebiltzarrak haren jokaera gaitzetsi eta gero.
Osasun Sailetik baieztatu dutenez, Gravesek atzo bertan eman zuen dimisioa, Legebiltzarrak gaitzetsi eta ordu batzuetara.
Hain zuzen ere, mendeko ekarpenen polemikan Eroskiren eta Fagorren alde agertzeagatik gaitzetsi du oposizio osoak. "Eroskik eta Fagorrek ondo jokatu zuten, hori ezin du inork ukatu", esan zuen Kontsumobideko zuzendariak, elkarrizketa batean. Horregatik, kontsumitzaileen aurka agertu izana egotzi diote EAJk ez beste alderdi guztiek.
EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk Greavesen aurkako gaitzespen ekimenak aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean, baina azkenean osoko bilkurak onartutakoa sozialistek eta UPyDk adostutako bat izan da. Puntuka bozkatu dute, eta oposizio osoak eman du babesa.
Idatzi horretan, Ganberak "gaitzetsi" egin du Greavesen jokaera, Kontsumobideren zeregina "kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestea" dela kontuan hartu gabe Eroski eta Fagor "defendatzeagatik".
Ekarpenen gatazka
Polemika honek Eroskik eta Fagorrek merkaturatutako mendeko ekarpenetan du sorburua.
Ekarpen horiek finantza produktu korapilatsuak dira: ez dute epemugarik, eta erabiltzaileek beste inbestitzaile batzuei baino ezin dizkiete saldu, bigarren mailako merkatuetan.
Horregatik, hau da, ekarpenak betiko direlako, produktu horrek bere balioaren zatirik gehiena galdu du, eta erabiltzaileek inbertitutako dirua itzultzea eskatu dute. Izan ere, epe finkorako inbertsioak izango balira bezala saldu dizkietela eta emandako dirua arazo barik berreskuratu ahal izango dutela esan zietela salatu dute.
Otsailean, Legebiltzarrak hizpide hartu zuen mendeko ekarpenen polemika, eta "ofizioz" esku hartzea eta erabiltzaileek produktu horri buruzko informazio argia eta osoa jaso ote zuten egiaztatzea eskatu zion Kontsumobideri.
Aste batzuen buruan, Greaves Eroskiren eta Fagorren alde agertu zen, eta oposizioak kontsumitzaileen aurka egitea egotzi zion.