Ekonomia -
Greba, hezkuntzan
Milaka lagun kaleetan, Werten erreformaren kontra
Estatuan, grebaren jarraipena % 20 baino gutxiagokoa izan da, Hezkuntza Ministerioaren arabera, eta % 72koa, berriz, sindikatuen hitzetan. Nafarroan ere pozik daude deialdia egin duten sindikatuek.
Erredakzioa
Milaka lagunek kaleak hartu dituzte ostegun arratsaldean Madrilen Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren dimisioa eskatzeko, eta hark bultzatutako erreformaren eta murrizketen aurka protesta egiteko. Bi orduko manifestazioaren ondoren, ''Wert dimisioa'' eta ''Bai, posible da'' oihuekin bukatu dute martxa.
Madrilgoaz gainera, beste 30 bat hiritan ere manifestazioak antolatu dituzte, eta ekitaldi horiekin eman diote amaiera ostegun honetarako deitu duten greba jardunaldira. Estreinakoz, gurasoek, irakasleek eta ikasleek bat egin dute hezkuntza maila guztietan, eta CCOOk, UGTk, ikasleen sindikatuak eta gurasoen elkarteen konfederazioak greba eguna deitu dute. Deialdiak % 72ko jarraipena izan du, sindikatuen hitzetan; Hezkuntza Ministerioaren arabera, berriz, % 20koa izan da jarraipena.
EAEn, sindikatu abertzaleek ez dute deialdia babestu, egoera desberdina dela iritzita, bai, ordea, Nafarroan. Hala, Foru Erkidegoan, CCOO, UGT, LAB, ELA, STEE-EILAS eta CSIF sindikatuek, Ikasleen Sindikatuaren eta ikasleen gurasoen elkarteen babesarekin, bi orduko lanuzteak deitu dituzte hezkuntza publikoko maila guztietan.
Ostiral honetan onartuko du Ministroen Kontseiluak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa.
Manifestazioak 30 hiritan
Greba deialdiaz gain, mobilizazio ugari antolatu dituzte Wert ministroaren Hezkuntza erreformaren aurka. Hala, Estatuko 30 bat hiritan manifestazioak egin dituzte, eta, Madrilgoa izango da entzutetsuetako bat. Han, 18:30ean irten da manifestazioa Neptuno plazatik Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren egoitzaraino.
Bartzelonan, berriz, milaka lagun atera dira kalera (10.000 Udaltzaingoaren arabera eta 100.000 manifestazioa deitu dutenen arabera), horiz jantzita, legearen kontra protesta egitera.
Valentzian, aldiz, Poliziak hiru lagun atxilotu ditu, objektuak jaurti eta agenteei irain egiteagatik.
Bilbon, Arriaga Antzokiaren atarian, elkarretaratzea deitu dute, 12:00etan. 19:00etan, berriz, manifestazioa deitu dute, Jesusen Bihotza plazan.
Gasteizen ere izan dira Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren kontrako mobilizazioak, eta 12:00etan elkarretaratzea egin dute Postako plazan.
Nafarroan, 18:00etan manifestazio batek Iruñeko kaleak zeharkatu ditu.
"Oso jarraipen txikia", EAEn
Eukal Autonomia Erkidegoan, hezkuntzan deitutako lanuztearen jarraipena "oso txikia" izaten ari dela adierazi du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Greba deialdia, CCOOk eta UGTk soilik babestu dute, sindikatu abertzaleek ez dute deialdiarekin bat egin.
Hezkuntza Sailak kaleratutako datuen arabera, Euskadiko ikastetxe publikoetako irakasleen %40 inguruko datuarekin, grebaren jarraipena %0,19koa ari da izaten.
Jaurlaritzaren arabera, Bizkaiko zentro publikoetan % 0,28ko jarraipena izan du grebak; Gipuzkoan, % 0,19koa eta Araban ez du inolako jarraipenik izan.
UGTren iritziz, sindikatuak banatuta izateak eragin du jarraipena hain eskasa izatea.
Protesta deitu duten sindikatuek onartu dute grebak ez duela jarraipen handirik izan Euskadin, baina, hala ere, deialdiaren helburua ''bete'' dutela uste dute, hezkuntzako langileak lege berriaren ''kontra'' daudela agerian uztea, alegia.
Jarraipen maila ezberdinak Nafarroan
Jarraipen ezberdina ari da izaten greba Nafarroako zonalde ezberdinetan, eta sindikatuek % 30 eta % 50 artean kokatu dituzte zenbateko horiek. Nafarroako Gobernuak, bestalde, ez du oraindik daturik plazaratu. Sindikatuek, dena den, pozik daude emaitzarekin.
Deialdia egin duten sindikatuen arabera, Lehen Hezkuntzako ikastetxeen % 30 gutxieneko zerbitzuekin ari ziren 13:00etan. Halaber, lanuztea ia erabatekoa zen Tafallako, Mendigotiko eta Iruñeko hainbat ikastetxetan.
Bigarren Hezkuntzan, berriz, jarraipena txikiagoa da (% 25 eta %30 bitartean Tuteran eta Estellerrian; eta % 50 ingurukoak Burlatan, Altsasun, Tafallan eta Azkoienen). Jarraipenik txikiena Iruñeko eta Zangozako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan izan da (% 10); Erronkarin, berriz, % 75eakoa eta Otsagabian, aldiz, % 96koa da jarraipena.
Lanuztearen jarraipena, Estatuan
Sindikatuen arabera, ostegun honetan Estatu mailan hezkuntzan deitu duten greba "arrakastatsua" izaten ari da, % 75 inguruko parte hartzea zenbatu dute.
Batez beste, hezkuntza publikoko langileen artean 10etik 7k greba deialdiarekin bat egin dutela azaldu diete sindikatuek Europa Press agentziari.
Ikasleen artean, berriz, partea hartzea % 90ekoa izan dela adierazi du Ikasleen Sindikatuak.
Hezkuntza Ministerioak, aldiz, jarraipena % 20 baino txikiagoa izan dela adierazi du.