Ekonomia -
Negoziazioak
Aurrekontuak ez blokeatzea eskatu die EAJk EH Bilduri eta PSE-EEri
Jaurlaritzak dagoeneko Aurrekontuak luzatzea erabaki izana ukatu du Ortuzarrek, eta diru-sarrerak aldatzeko modurik ez dagoela berretsi du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren 2013ko Aurrekontuak ez blokeatzea eskatu die asteazken honetan Andoni Ortuzar EAJko presidenteak EH Bilduri eta PSE-EEri, eta Kontuetan diru-sarrerak handitzeko bi alderdiek egindako proposamenak ''itxura hutsa'' direla adierazi du jeltzaleen buruak. ''Ez dago hori egiteko modurik. Ez du EAJk esaten, euskal erakundeetako diru-kutxek esaten dute'', gaineratu du.
Halaber, EAJk berak zein Jaurlaritzak dagoeneko Aurrekontuak luzatzea erabaki izana ukatu du Ortuzarrek, oposizioko alderdi guztiek aho batez egindako adierazpenei erantzunez.
Sabin Etxean eman duen prentsaurreko batean, EAJko presidenteak esan du Jaurlaritzak ez duela ''txeke zuririk'' eskatzen, baina bai Kontuak ez blokeatzeko borondatea. Hala, ''hitz-jarioa albo batera utzi'' eta akordiorako borondatea erakustera deitu ditu EH Bildu eta PSE-EE, eta, ildo horretan, EAJk ''oinarri sendoa'' duten akordioak lortzeko ''benetako eta erabateko gogoa'' duela esan du.
EH Bilduri ''pankarta atzean ezkutatzeari uztea eta benetan laguntza ematea'' eskatu dio. ''Eskubideak eskatuz oihu egitea ondo dago, baina askoz eraginkorragoa da proposamenak aurkeztea eta esaten denarekin eta egiten denarekin koherente izatea'', gaineratu du Ortuzarrek. ''EH Bildurekin akordioa lortzeko, beraiek Gipuzkoan eskatu dutena eskatzen diegu guk ere: errealismoa eta koherentzia'', adierazi du.
EAJ alderdi guztiekin negoziatzeko prest dagoela berretsi ondoren, Ortuzar PSE-EEri ere zuzendu zaio, eta Aurrekontuei osoko zuzenketa egiteko sozialistek iragarri duten asmoaz aritu da. Hala, osoko zuzenketa hori aurkezten baldin badute, ''EAJk zalantzak izango ditu sozialistek zenbait gai negoziatzeko egindako proposamenaren inguruan'', Ortuzarrek aurreratu duenez, eta, ildo horretan, fiskalitatea, EAEko egitura instituzionala, ekonomiaren suspertzea eta iruzurraren kontrako borroka aipatu ditu jeltzaleak.
Ortuzarren hitzetan, Aurrekontuak ez blokeatuz erakutsi behar du PSE-EEk negoziaziorako borondatea. ''Txeke zuririk ez dugu eskatzen. PSEren txekeak funtsik duen jakin nahi dugu bakarrik; hau da, elkarrizketarako eta negoziaziorako borondaterik duen jakin nahi dugu'', gaineratu du. "Patxi Lopezek guk biok elkar ulertzea nahi baldin badu, elkar ulertuko dugu'', esan du EAJko presidenteak.
Azkenik, PPk eta UPyDk egindako proposamenak aintzat hartu ditu jeltzaleak. ''Hitz egiteko prest daude, Aurrekontuak aztertu dituzte eta, proposamenak aurkeztu dituzte'', azpimarratu du.
Aurrekontuak luzatzeko asmoa ikusten du oposizioak
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak berretsi egin du bere taldeak Jaurlaritzaren Aurrekontu proiektuaren kontra egingo duela eta EAJk negoziatzeko asmorik ez duela kritikatu du. "Aurreko legealdiko Aurrekontuak luzatzea da euren asmo bakarra", salatu du.
Iñigo Urkullu lehendakariaren “benetako asmoa” Aurrekontuak luzatzea dela adierazi du gaur Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ere. Horren hitzetan, talde politikoekin abian jarritako “negoziaziorik ez dago”, eta “itxurak egiteko” hasi dute elkarrizketa sorta.
PPko kideek uste dute Aurrekontuak luzatzea duela Jaurlaritzak buruan, baina Aurrekontuak zenbait baldintzapetan adosteko prest agertu zen atzo PP.
Gorka Maneiro UPyDko ordezkariak ere uste du Jaurlaritzaren benetako asmoa Aurrekontuak luzatzea dela, eta "pilota EAJren teilatuan" dagoela adierazi du.