Ekonomia -
2013. urterako Aurrekontuak
Jaurlaritza PPrekin bilduko da gaur, Aurrekontuak negoziatzeko
Bihar, Ogasun eta Finantza sailburua EH Bildurekin eta UPyDrekin batzartuko da. PSE-EErekin ez datarik hitzartu oraindik.
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza sailburuak aurtengo Aurrekontuak adosten saiatzeko bigarren bilera-sorta abiatuko du gaur. Akordioa lortu ezean, iazko kontuak luzatu beharko dituzte.
Egun, Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuak EAJren 27 legebiltzarkideen babesa baino ez du, eta, beraz, oposizioarekin negoziatu behar du, baina oraingoz ez da inor alde agertu.
Hori horrela, Gatzagaetxebarria PPrekin batzartuko da gaur, eta bihar EH Bildurekin eta UPyDrekin.
PSE-EEk ere bilera egingo du Jaurlarutzarekin, baina oraindik ez dute datarik hitzartu.
EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte. PPk ere bat aurkezteko lanetan dagoela aurreratu du, baina, era berean, sozialistei eta jeltzalei proposamen bat helaraziko diela iragarri du, hiru alderdien artean akordioa lortzeko.
Osoko zuzenketak aurkezteko epea hilaren 22an hasiko da, eta 26an eztabaidatu eta bozkatuko dituzte.
Egun horretan Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak aurrera egingo balu, hurrengo urratsa zuzenketa arruntak eztabaidatzea izango litzateke. Hilaren 29an eta 30ean egingo lukete hori. Horren ostean, Aurrekontuak onartzeko behin betiko bozketa maiatzaren 10ean egingo lukete.