Ekonomia -
Gaurtik aurrera
Argindarraren tarifa % 6,6 jaitsi eta gasarena berdin geratuko da
Batez beste, bezero bakoitzak urtean 29,35 euro gutxiago ordaindu beharko du.
Erredakzioa
Azken baliabideko tarifa elektrikoa (TUR) jaitsi egingo da apirilaren 1etik aurrera eta urteko bigarren hiruhilekoan zehar, zehazki % 6,62. Gas naturalaren faktura ordea, izoztuta geratuko da.
2009. urtean bezeroak babesteko bide gisa azken baliabideko tarifa elektrikoa (TUR) sortu zenetik, behera egingo duen lehen aldia da. Etxebizitzen gehiengoak eta enpresa txiki eta ertain batzuek duten tarifa da.
Industria Ministerioaren arabera, jaitsiera honekin, batez beste, bezero batek urtean 29,35 euro gutxiago ordaindu beharko du. Hala ere, tarifa hiru hilabete barru berriro berrikusi behar dela azpimarratu behar da.
Beherakadak, energiaren prezioaren jaitsierarekin egin du bat. Halaber, araututa dagoen hornidura elektrikoaren zatia izoztuta geratuko da, hau da, bidesari bezala ezagutzen dena; garraioak eta hornidurak, besteak beste.
Gasaren TURari dagokionez, Industriak apirilean berdin uztea erabaki du; izan ere, "lehengaian ez da prezioaren aldaketa nabarmenik egon hiruhileko honetan".
Azkenik, martxoaren 25etik, butano bonbona 17,13 eurotan saltzen da. Espainian 8 milioi etxebizitzetan erabiltzen da eta aurreko prezioarekin alderatuta, % 5eko igoera izan du.
Facuak oharatarzi egin du
Facuak ohartarazi duenez, apirilean gertatuko den argindarraren jaitsiera "egoeraren araberakoa baino ez da", urtebetean % 8,3 garestitu ostean, hau da, hilean 6,48 euro, eta, halaber, azken hamarkadan izandako igoera "neurrigabeak" arintzen ez dituela salatu du.
Erakundeak egin duen txosten baten arabera, astelehenetik aurrera % 7,1 jaitsiko da bataz beste argindarraren faktura, alegia, 5,71 euro hilean.
Gauzak horrela, hileroko faktura 74,76 eurokoa izango da (58,7763288 euro gehi argindarraren gaineko zergak eta BEZak suposatzen duten % 27,19 gehiago); urtarriletik 80,47 euro ordaindu behar zen bataz beste (63,2708088 euro gehi zeharkako zerga). Erabiltzaileek bi hilean behin ordainduko dituzte berriro ere fakturak, hilero egiten jarraitzea eskatu ezean.