Ekonomia -

Azpiegituretan inbertsioak

Olano: 'Erraustegia geldiarazteak ondorio judizialak izan ditzake'

Bilduren 'jarrera antidemokratikoa' kritikatu du erraustegia egiteko lanak geldiarazteagatik.

Markel Olano Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa batean. (Artxiboko argazkia). Argazkia: EITB
Markel Olano Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa batean. (Artxiboko argazkia).
Erraustegia geldiarazteak ondorioak ekar ditzakeela adierazi du Olanok

0:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk duen bozeramaileak ostiral honetan ohartarazi duenez, Zubietako erraustegia egiteko lanak geldiarazteak "ondorio judizialak eta politikoak izan ditzake". Olanoren iritziz, erraustegiaren proiektua desegiteak erantzukizun penala izan dezake. "Bete beharreko foru-arau bat daukagu", gaineratu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Bilduren "jarrera antidemokratikoa" kritikatu du erraustegia egiteko lanak geldiarazteagatik: "aurreko legegintzaldian onartutako proiektua zen, lanak esleituta zeuden eta Europako Inbertsio Bankuaren babesa zuen".

Jeltzalearen arabera, azpiegitura handien etorkizunaz hitz egin behar da, lurraldeen arteko liskarrak saihesteko.

Halaber, aurreikusita zeuden azpiegitura handiak egitearen alde agertu da, hala nola, Zubietako erraustegia, Pasaiako kanpo portua, eta Donostialdeko metroa. Olanoren esanetan, "proiektu horiek lurraldearen etorkizuna ereiteko hazia dira, eta oso garrantzitsuak dira herritarren ongizatea bermatzeko".

Hala ere, proiektu horiek egungo krisi ekonomikora egokitzeko "hausnarketa" egin behar dela iritzi dio. Hori dela eta, proiektuetan inplikatuta dauden erakundeek eta alderdi politikoek hitz egiteko duten premia azpimarratu du, lurraldeen arteko liskarrak saihesteko.

Krisi ekonomikoaren kontrako neurriak

Martin Garitanoren gobernua "ez da krisi ekonomikoari aurre egiteko ezer egiten ari", adierazi du Markel Olanok. Horren hitzetan, "ekonomia alorrean agendarik ez duen erakunde bat daukagu Gipuzkoan".

"Gipuzkoako enpresa sarea indartsua, modernoa eta lehiakorra da, baina egoera larrian dago eta babesa behar du", gaineratu du. Markel Olanok Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera kritikatu du, krisi ekonomikoari aurre egiteko jarrera aktiborik ez duela argudiatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea bideoak Ekonomia 2024 Markel Olano Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Euskadi Irratia Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak