Ekonomia -
Saio monografikoa
Jaurlaritza erreforma fiskalaren alde, leialtasunean oinarritua bada
PSEk lege-proposamena aurkeztuko du harmonizazioa lortzeko. EH Bilduk sistema publikoa bermatzeko 'borondate gutxi' izatea leporatu dio EAJri, eta PPk esaten duenaren kontrakoa egitea sozialistei.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza erreforma fiskal orekatu eta koordinatua egitearen alde agertu da, "leialtasun instituzionalean" eta akordio politikoan oinarritua bada, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak adierazi duenez.
Legebiltzarrean zergei buruz egiten ari den saio monogafrikoan hartu du parte Gatzagaetxebarriak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta erreforma hori egiteko "erakundeen eskumenak erabat errespetatu" eta aurretik "akordio politikoa eta instituzionala" behar direla azpimarratu du.
Bestalde, egungo euskal fiskalitatearen eraginkortasuna goraipatu du eta arazoa jarduera ekonomikoaren beherakadak eragin duela uste du.
PSE-EEren proposamena
PSE-EEk iragarri du EAEko fiskalitatea "benetan" harmonizatzeko eta hiru lurraldeetan zerga-irizpide batzuk ezartzeko lege proposamena aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarrean, aurten.
Lopezek azaldu duenez, beharrezkoa da hiru lurraldeei "gutxieneko" irizpide bat ezartzea, zerga alorrean harmonizazioa lortzeko eta herritarrek ordaintzen dituzten zergen artean egun dauden desberdintasunak saihestu ahal izateko.
Lopezen esanetan, gaurko saioak euskal fiskalitate "komun eta koordinatuaren lehenengo harria" behar du izan. Horren harira, Eusko Legebiltzarrak "fiskalitatearen oinarrizko araudia eta irizpideak erabakitzeko nahikoa eskumen" duela iritzi dio.
Buruzagi sozialistak uste du EAJk, "PPren laguntzarekin", Eusko Legebiltzarraren eskumenak "urratu" dituela, izan ere, "armonizazioa, gaizki eta zilegitasunik gabe bada ere, Euzkadi Buru Batzarrak egiten zuen lehen".
"Fiskalitatea hemen erabaki beharrean, bulego batzuetan hartu dituzte erabakiak denoi bizkarra emanez", gaineratu du.
"Zerga bilketa justuagoaren kontra daudenei eta murrizketak nahiago dituztenei honakoa esan nahi diet: zerbitzu publikoak murrizten dituen gizarte batek bizitza zatiak kentzen dizkie pertsona umilei, bazterketa sustatzen du, eta abantaila ematen die aberatsei", azpimarratu du PSE-EEren idazkari nagusiak.
Lege-proposamen horretan egongo diren neurrien artean, enpresa txiki eta ertainen Elkarteen gaineko Zerga gutxienez % 1 murriztea egongo da, enpresa horiek baitira "herri honetan esfortzu handiena egiten ari direnak".
EAJk erreforma fiskal zabala eskatu du, baina eskumenak aldatu gabe
EAJk ituna eskaini die gainerako alderdiei erreforma "fiskal zabala eta osoa" egiteko, baina egungo eskumen banaketari eutsita.
Josune Gorospek EAJk iragarria zuen proposamena gogorarazteko aprobetxatu du gaurko saioa. Gorospek azaldu duenez, egungo araudia "egokitu" behar da, partxerik gabe, eta "ziurtasuna" sortuko duen itun fiskala lortzeko helburuarekin.
Fiskalitateak ekonomia pizteko balio behar duela azpimarratu du, eta horretarako, "konfiantza, egonkortasuna eta ziurtasuna" ezinbestekoak direla gaineratu du.
Zerga-sistema aldatzeko alderdiek lotzen dituzten akordioak Zergen Koordinaziorako Erakundeak berrestea proposatu du Gorospek, hori baita Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek politika fiskalaz hitz egiteko duten foroa.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, "berdintasun, progresibitate, neutraltasun eta oreka printzipioak indartzea" aldarrikatu du.
1996tik indarrean dagoen Elkarteen gaineko Zerga aldatzea ere planteatu du, eta ondare handien zergak harmonizatzea.
EAJk ez duela sistema publikoa babesten salatu du EH Bilduk
EH Bilduren ustez "ezinbestekoa" da erreforma fiskala egitea eta zerga alorra "berregituratzea" pertsonetan oinarritzeko eta "sistema publikoa bermatzeko". Hori horrela, EAJk sistema publikoa defendatzeko eta murrizketak saihesteko "borondate politiko gutxi" duela salatu du.
Leire Pinedo legebiltzarkideak azaldu duenez, sistema fiskal bat eraikitzeko "beharrezkoa da, lehenik eta behin, ze herri sortu nahi dugu, ze gizarte nahi dugun, ze zerbitzu publiko nahi ditugun, eta, azkenean, ze ongizate maila nahi dugun gure herritarrentzat".
Besteak beste, ondarearen gaineko zerga "ezkutu fiskala desagertzeko ezinbesteko baldintza" izatea, enpresetan parte hartzeagatik ematen diren salbuespenak kentzea eta elkarteen gaineko zerga aldatzea proposatu du.
Zerga berriei dagokienez, finantza transakzioei tasa bat jartzea eta autogobernua indartzea eta Jaurlaritzak Ecofinen parte hartzea eskatu du.
PPk desharmonizatzea leporatu dio PSEri
Antonio Damborenea PPren legebiltzarkideak, berriz, EAE osoarentzat proposamen fiskalik ez izatea eta Legebiltzarrean egin duen proposamenaren kontra jardutea leporatu dio PSE-EEri, lurralde bakoitzean jarrera desberdina duelakoan.
Eguneroko jardun politikoan Legebiltzarrean proposatutakoaren "kontrakoa" egitea egotzi dio PPren buruzagiak PSE-EEren idazkari nagusiari. Haren esanetan, sozialistak dira desharmonizazioa sustatzen dutenak, Gipuzkoan Bildurekin akordioa eginda adibidez.
PPren ordezkariak saio monografikoa bera kritikatu du, eztabaida "zaharra eta irreala" dela iritzita. Damborenearen ustez, gaurko eztabaida alde batera utzi behar da eta neurri fiskalak hartu behar dira enplegua sortzeko eta gastu sozialari aurre egiteko.
UPyDk Legebiltzarrari eman nahi dio eskumena
Gorka Maneiro UPyDren bozeramaileak, bere aldetik, eredu instituzionala aldatzea eta zergen eskumena Eusko Legebiltzarrari ematea proposatu du.
2009an UPyDk proposatu zituen erreforma fiskalak, EAJk, PSE-EEk eta PPk errefusatu zituztenak, onartuz gero "krisiari hobeto aurre egingo zitzaiola" azpimarratu du.
UPyDren legebiltzarkideak "euskal erakunde eredu zentzugabea" erreformatzea eta foru aldundiek zerga alorrean duten eskumena Eusko Legebiltzarrari ematea proposatu du.
Maneirok aitortu duenez, bere proposamena egi bihurtzeko Espainiako Konstituzioa, Gernikako Estatutua eta Lurralde Historikoen Legea aldatu behar dira, baina legeak ez direla "sakratuak" eta "aldatzeko aukera" dagoela gogorarazi du.