Ekonomia -

Eztabaida

PP, PSE eta EAJ elkarri mokoka, Donostialdeko metroaren kontura

Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoarekiko interes falta duela salatu du Borja Semper popularrak.

Donostialdeko metroa. Argazkia: EITB
Donostialdeko metroa. Argazkia: EITB
Donostialdeko metroa. Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Popularrek, sozialistek eta jeltzaleek iritzi kontrajarriak dituzte Donostialdeko metroa egiteko lanen harira. Atzo, Ana Oregi Ingurumen eta Garraio sailburuak adierazi zuenez, egungo aurrekontuekin "ezinezkoa" izango da Lugaritz-Kontxa eta Kontxa-Morlans tarteak egitea.

Borja Semper PPko Gipuzkoako buruzagiak salatu duenez, EAJ Eusko Jaurlaritzara itzulita, berriz ere agerian geratu da "Gipuzkoarekiko interes falta eta Bilbo Handia ez den guztiarekiko utzikeria".

Popularrak azpimarratu duenez, Donostialdeko metroa "oso proiektu garrantzitsua da lurraldearen garapenerako". Ildo horretan, "gezurra dirudi Donostian metroa egiteko proiektua 80ko hamarkadan Bilbokoaren batera sortu izana, eta hiru hamarkada geroago, Bilbon 3. linea egiteko lanetan egotea eta hemen proiektua gauzatzeko oztopoak jartzea", gaineratu du.

Datozen egunetan, Ana Oregiri Altzako lur azpiko tartearekin zer gertatuko den galdetzeko asmoa du Borja Semperrek.

Ana Oregiren agerraldia eskatu dute

Donostiako PP eta PSE-EE alderdietako ordezkariek Ana Oregi Udaleko Donostialdeko metroaren batzordean agertu dadila eskatu dute. Horien hitzetan, gai horrek Eusko Jaurlaritzako 2013ko aurrekontuen negoziazioa baldintzatuko du.

Ramon Gomez Ugalde Donostiako Udaleko popularren bozeramaileak azpimarratu duenez, "gipuzkoarrok ere ordaintzen ditugu zergak, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lanak ordaintzen ditugu. Hala, ezin dugu onartu diru horrekin beste toki batzuetako lanak finantzatzea, eta hemengoak bertan behera gelditzea".

Ernesto Gasco Donostiako zinegotzi sozialistaren iritziz, EAJren asmoa "Donostiako eta Gipuzkoako proiektuak geldiaraztea da". Horren hitzetan, Eusko Jaurlaritza Donostiarekin bidegabe jokatzen ari da, eta nabarmendu duenez, "Bilboko metroko edozein linea martxan jartzeak Eusko Trenen egin beharreko aldaketek baino kostu handiago du".

EAJk Donostialdeko metroa defenditzen jarraituko du

Eneko Goia EAJk Donostiako Udalean duen bozeramaileak esan duenez, bere alderdiak Donostialdeko metroa defenditzen jarraituko du. Halaber, ez du baztertu Eusko Jaurlaritza beste aukera bat aztertzen ari denik.

Donostiako EAJk "beti" adierazi du proiektua egin egin behar dela, eta "beti esango dugu hori", beharrezkoa baita Goiaren arabera Eusko Treneko bi lineen bat egitea. Horretarako, "aukerarik onena zein den aztertu beharko da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Euzko Alderdi Jeltzalea Donostia albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak berriak PSE-EE Gipuzkoa Euskadiko PP Albisteak Gaur Albisteak Donostiako metroa