Ekonomia -
Lau urterako hitzarmena
Bizkaiko gasolindegien gatazka, bukatzeko zorian
Sindikatuek eta patronalak gaur sinatuko dute akordioa, abenduaren 20an hasitako grebari amaiera emateko.
Erredakzioa
Bizkaiko gasolindegietako langileek patronalaren azken proposamena onartu eta lau urterako lan hitzarmen bat eta soldatak KPIaren arabera igotzea sinatuko dute astelehenean. Era honetan, abenduaren 20an hasitako greba bertan behera geldituko da.
Bilboko UGT Euskadiko egoitzan egindako batzarrean 95 langilek proposamenaren alde bozkatu dute. 74 langilek, berriz, kontrako botoa eman dute. Hiru langile abstenitu dira.
Sindikatuko iturriek adierazi dutenez, patronalak eskainitako lau urterako hitzarmena onartzea adostu du langileen batzarrak, KPIren igoerak "eta sindikatuek eskatutako hainbat aldarrikapen" jasotzen dituelako, "mugikortasun klausula bat salbu".
Patronalaren proposamena berretsi ostean, sindikatuak pozik azaldu dira "45 egunez borroka egin eta gero, hitzarmen ona lortzeagatik", antzinatasuna edo ultraktibitateari dagokionez, esaterako.
Gauzak horrela, aurrehitzarmena patronala eta Eusko Jaurlaritzarekin idatziz berretsi beharko dute. Ondorioz, greba indarrean egongo da oraindik asteburu honetan zehar.