Ekonomia -

EAE-ko aurrekontuak

PPrekin 'akordio itxirik' ez duela azpimarratu du EAJk

Gainera, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Iñigo Iturrate legebiltzarkideak gogora ekarri du EAJ-PP akordioa nahikoa izango ez litzatekeela eta talde guztiei negoziatzeko borondatea eskatu die.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea, Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea, Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea, Radio Euskadiko estudioan. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkide eta Ganberako Mahaiko bigarren idazkariak argitu duenez, EAJk eta Alderdi Popularrak ez dute inolako akordiorik itxi 2013ko EAEko aurrekontuak onartzeko. Horrenbestez, talde guztiei negoziatzeko prestutasuna izateko dei egin die.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Legebiltzarrean fiskalitateari buruzko eztabaida abian jartzeko prest daudela ere iragarri du Iturratek. "Alderdi guztien artean hitz egin behar dugu, akordio zabalenak lortu ahal izateko eta gero hitzarmen horiek Batzar Nagusietara eramateko", azaldu du.

EAJk "elkarrizketarako borondatea" daukala eta euren asmoa erakunde guztiei "oreka" ematea dela berretsi du. Ildo horretan, PPrekin hitzarmenik adostu ez duela nabarmendu du, "baina krisiari erantzuteko erakundeek aurrekontuak izatea ezinbestekoa da", erantsi du.

Kritikak PSEri eta EH Bilduri

"Gainerako taldeek nahi dutena gertatuko da aurrekontuekin, baina guk negoziatzeko deia egiten diegu guztiei. Erantzukizunez jokatuko dutela espero dut, baina Arabako Diputazioak, adibidez, ez dauka aurrekonturik, PSEk eta EH Bilduk blokeoaren alde egin zutelako".

Bizkaiko Diputazioan eta Gasteizko udaletxean EAJk eta PPk lortutako akordioak beste erakundeengan eragin zuzenik ez duela azaldu ostean, Iturratek gogora ekarri du jeltzaleen eta popularren boto batuketa ez litzatekeela nahikoa izango EAEko aurrekontuak aurrera ateratzeko.

EAJren irudia

Alderdi Popularrarekin eta UPyDrekin hitzarmenetara heltzeak EAJren irudian izan dezakeen eraginaz galdetuta, Iturratek esan du negoziazio prozesu guztietan "zerbait galtzen" dela beti.

"Herria aurrera ateratzeko erantzukizuna daukagu eta bide horretan laguntzeko prest daudenekin egingo dugu. Aurrekontuetarako akordio batez baino ez gabiltza. Udaletxe batzuetan PPk eta EH Bilduk ere bat egin dute. Zentzugabekeria izango litzateke erakundeak aurrekontu gabe uztea", adierazi du.

Balizko akordioa PSErekin

Etorkizunean PSE eta EAJren artean akordioak izan ote daitezkeen galdetuta, Iturratek esan du legegintzaldi hasieran ezinezkoa izan zela gehiengo absolutu bat lortzea, "alderdi bakoitzak bere ibilbidea egin behar zuelako".

Nolanahi ere, ez du inolako aukerarik baztertu. "Lehendakariaren helburua egonkortasun instituzionala lortzea da eta Legebiltzarrean gehiengo zabalagoa izanda bada, hobeto", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia EAE albisteak Ekonomia 2024 Euskadiko PP Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskadiko Aurrekontuak 2024