Ekonomia -
2013ko Aurrekontuak
Jaurlaritzak 2013an izoztu egingo du funtzionarioen soldata
Jaurlaritzak 1.200 milioi euro (% 11,5) gutxiago izango ditu datorren urtean, 6.000 lanpostu berri sortzea espero du, eta Barne Produktu Gordina % 1,2 haziko da.
2013. urtean funtzionario eta langile publikoen soldata izoztea, ordezkapenak mugatzea eta langile kopurua ez handitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak 2013ko Aurrekontuen ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Lehendakaritzan.
Gizarte politikak (osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialak) babestea, enplegua eta ekonomia suspertzea eta nazioartean Euskadi marka indartzea izango dira Jaurlaritzaren "helburu nagusiak", Gatzagaetxebarriaren hitzetan. Horrez gain, zergak handitu gabe, kontu publiko "jasangarriak" bultzatu nahi ditu Jaurlaritzak.
Gizarte zerbitzuak lehenetsi egingo dituzte 2013ko Aurrekontuek, sailburuaren hitzetan; izan ere, hezkuntza politikaren aldeko apustua berretsiko dute, eta gizarte bazterketaren aurkako politikak bultzatuko dituzte, besteak beste, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta gizarte larrialdietarako laguntzei eutsiz, horren arabera.
Enplegua eta jarduera ekonomikoa suspertzea izango da Jaurlaritzaren bigarren helburu nagusia. EAEko enpresei laguntzeko eta enplegua sortzeko neurriak hartuko dituzte. 30 urtetik beherako pertsonak kontratatzeko eta gazteen artean autoenplegua sustatzeko neurriak iragarri ditu Gatzagaetxebarriak, eta enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak finantzatzeko programa bat ere jarriko dute abian.
Sailburuaren arabera, baina, Jaurlaritzak 1.200 milioi euro (% 11,5) gutxiago izango ditu datorren urtean.
Aurreikuspenak
Bestalde, Euskadi 2014. urtean hasiko da krisi ekonomikotik ateratzen, eta urte horretan 6.000 lanpostu berri sortuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak iragarri duenez.
Datorren urtean, EAEko Barne Produktu Gordina % 1,2 haziko da, baina 2013. urtean % 1,1eko jaitsiera izango du (aurreko Jaurlaritzak % 0,8ko jaitsiera aurreikusi zuen).
2014an 6.000 lanpostu berri sortzea aurreikusi du Jaurlaritzak, baina 2013 eta 2015 urteen artean ez dira lanpostu asko sortuko (% 2tik behera).
Bilerak ahaldun nagusiekin
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak fiskalitate berri bat martxan jartzea proposatuko die datozen egunetan Euskal Autonomia Erkidegoko hiru diputatu nagusiei. Horrez gain, ekonomia eta enplegua suspertzeko neurriak ere jarriko ditu mahai gainean.
Erkorekak esan duenez, lehendakaria Martin Garitano eta Javier de Andres Gipuzkoako eta Arabako diputatu nagusiekin batzartuko da bihar; Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko buruarekin, berriz, datorren astelehenean bilduko da.
Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, legealdi osorako "planteamendu orokor" bat aurkeztuko die Urkulluk ahaldun nagusiei, eta ekonomia eta enplegua suspertzeko neurriek pisu handia izango dute lehendakariaren proposamenetan.
Gizarte zerbitzuei eusteko, "elkarlana" eta zerga politika berri bat abiatzea proposatuko die lehendakariak hiru ahaldunei, Erkorekaren esanetan.