Ekonomia -
Abenduaren 20tik
Bizkaiko gasolindegien grebak laugarren astea hasi du
ELA, CCOO, UGT, LAB eta USO sindikatuek komunikatua atera dute lan-gatazkak "luze" jo dezakeela ohartarazteko.
Erredakzioa
Bizkaiko gasolindegien mugagabeko grebak laugarren astea hasi du ostegun honetan. Greba abenduaren 20an hasi zuten, sindikatu guztien deituta, lan-hitzarmen berria eskatzeko.
Azken 20 egunetan ez da hurbilketarik izan patronalaren eta sindikatuen artean, baina Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (Cebek) elkarrizketarako deia egin zuen asteazkenean eta lurraldeko hitzarmena negoziatzeko prest agertu zen.
ELA, CCOO, UGT, LAB eta USO sindikatuek komunikatua atera dute lan-gatazkak "luze" jo dezakeela ohartarazteko.
Sindikatuen arabera, "grebaren arrakasta eztabaidaezina da, % 90 baino gehiagoko jarraipena izaten ari baita".
Sindikatuen eskaera ultraaktibitatearen printzipioa betetzea da, hau da, lan-hitzarmen batek indarrean jarraitzea hurrengoa adostu arte. Halaber, enpresek lan-hitzarmenean adostutakoa ez betetzeko aukerarik ez izatea ere nahi dute; soldaten igoera, adibidez.
23 gasolindegi zabalik
Bizkaian 114 gasolindegi daude, baina 11 ez daude greba deialdian sartuta, Eroskiko kooperatibakoak eta Lantegi Batuak zentro berezikoak direlako. Beste hamabik Jaurlaritzak ezarritakop zerbitzu minimoak bete behar dituzte.