Ekonomia -
Abenduko aparteko soldata
2013ko aurrekontuetan ordainsaria konpentsatzen saiatuko da EH Bildu
2012ko aparteko soldata bertan behera geratzeak eragindako kaltea konpentsatzeko proposamena aurkeztu du EH Bilduk, baina Legebiltzarreko Mahaiak ez du onartu.
Erredakzioa
Laura Mintegiren hitzetan, 2012ko aparteko soldata konpentsatzeko proposamenaren inguruan berari ''ez dagokion'' erabaki ''larria'' hartu du Eusko Legebiltzarreko Mahaiak. Halaber, 2013ko aurrekontuek abenduko aparteko soldata konpentsa dezaten saiatuko direla iragarri du.
Izan ere, Legebiltzarreko Mahaiak ez du onartu Gabonetako ordainsaria bertan behera geratu izanak funtzionarioei eragindako kaltea konpentsatzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamena, eta, Mintegik gogor kritikatu du Mahai horretako EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek hartutako erabakia.
''Madrilek murrizketak ezartzen ditu, eta Legebiltzarrak onartu. Hori larria da'', esan du EH Bilduko bozeramaileak, Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidearekin batera egin duen agerraldian.
Edonola ere, asmoa ez dutela galdutzat ematen esan du Mintegik, eta ''zuzenketen bidez'' edo beste bide batzuen bitartez 2013ko aurrekontuek ordaindu ez den aparteko soldata konpentsa dezaten saiatuko direla iragarri du.
Tejeriaren erantzuna
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearen ustez, EH Bilduk aurkeztutako proposamenak aurrekontuen esparrua jorratzen du, horrelako neurriak bultzatzea ez baitagokio Legebiltzarrari, Jaurlaritzari baino.
67.000 funtzionarioek jaso dute dagoeneko udako aparteko soldata
Eusko Jaurlaritzaren esku dauden 67.000 funtzionarioek dagoeneko jaso dute udako aparteko soldata, joan den abenduaren 28an 2013ko ordainsariak aurreratu ahal izateko Legea onartu ondoren.
Ostiralean hasi ziren ekaineko aparte soldata jasotzen langile publikoak, eta astelehen honetan bukatu dute ordainketa egiten, Urkulluren kabineteko iturriek baieztatu dutenez.