Krisi Ekonomikoa -

Draghi-ren agerraldia

EBZk 60.000 milioi euroko zorra erosiko du hilero, martxotik aurrera

Urte honetako martxoan hasiko da eta 2016ko irailera arteko iraupena izango du.

Mario Draghi. Argazkia: EFE
Mario Draghi. Argazkia: EFE
EBZk 60.000 milioi euro bideratuko ditu herrialdeen zorra erostera

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak (EBZ) zor publikoa eta pribatua  erosteko programa bat iragarri du eta, plan horren arabera, 60.000 milioi euro zor erosiko ditu hilero, urte honetako martxoan hasi eta 2016ko irailera bitartean.

Draghik baieztatu du zorra erosteko programa abian jartzeko erabakia ez dutela aho batez hartu, baina gehiengoa alde azaldu dela.

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak hartutako neurriak justifikatu ditu eta inflazio-tasa baxuari aurre egiteko modu gisa aurkeztu ditu. Izan ere, EBZren helburua inflazio-tasa % 2aren azpitik, baina % 2tik gertu kokatzea da.

Nolanahi ere, operazioa mantendu egingo da "inflazioaren joeran doikuntza jasangarri bat dagoela ikusten dugun artean, gure helburura hurbiltzen dena".

Zor publikoaren eta zor pribatuaren erosketa konbinatua egiteko, herrialde bakoitzak entitatean duen kapital kuota kontuan hartuko da. Europako Banku Zentralak bigarren merkatuko inbertsio mailako bonuak soilik erosiko ditu eta, beraz, oraingoz, Greziako zorra erosketa horietatik kanpo geldituko da.

Halaber, Mario Draghik garbi utzi du, moneta politikarekin batera, herrialdeek egiturazko erreformak egin behar dituztela, eta hainbat herrialderi eskatu die lan merkatuaren erreforma egiteko eta jarduera zein enpresen inbertsioak errazteko.

Draghik ohartarazi du urte arteko inflazio-tasa "oso baxua edo negatiboa" izango dela datozen hilabeteetan ere eta pixkanaka-pixkanaka egingo duela gora 2015 eta 2016 artean.

Bestalde, Europako Banku Zentralak interes tasak % 0,05ean mantentzea erabaki du, aurreikusi bezala, egoera ekonomikoa suspertzeko eta atzeraldia saihesteko helburuarekin.

Europako Banku Zentraleko azken bileran (abenduan), Mario Draghik aurreratu zuen EBZko langileak moneta suspertzeko aspektu teknikoen gainean lanean ari zirela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa EBZri buruzko azken albisteak gaur