Krisi Ekonomikoa -

EBZren OMT plana

Argi berdea, zor publikoa erosteko Banku Zentralaren 2012ko planari

Arazo ekonomikoak zituzten Estatuei lagundu eta euroaren krisia arintzeko prestatu zuten plana orain hiru urte aurkeztu zuen Europako Banku Zentralak.

Mario Draghi
Mario Draghi
Mario Draghi

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luxenburgoko Auzitegiak ebatzi duenez, 2012an zor publikoa erosteko Europako Banku Zentralak (EBZ) aurkeztu zuen planak legea betetzen du.

Arazo ekonomikoak zituzten Estatuei lagundu eta euroaren krisia arintzeko prestatu zuten plana orain hiru urte aurkeztu zuen EBZk. OMT programa zorraren krisiari aurre egin eta euroaren gainbehera ekiditeko egin zuen.

Indarrean sartu aurretik, baina, Alemaniako politikari, kazetari eta irakasle talde batek errekurtsoa jarri zuen herrialde horretako Justiziaren aurrean. Zorra erostea neurri ekonomikoa zela eta hori ez dela Europako Banku Zentralaren eskumena argudiatu zuten. Alemaniako auzitegietatik Europako Justizia Auzitegira bidali zuten errekurtsoa.

Auzitegiko abokatu nagusiak gaur egindako adierazpenen arabera, printzipioz, OMT programa bat dator Europako Itunak jasotzen duenarekin. Cruz Villalon abokatuak esan du zorra erosteko plana ezohiko neurria dela eta gaur-gaurkoz indarrean sartu gabe dagoela gaineratu du.

Hortaz, oraingoz ez dago arrazoirik programa legez kanpokotzat jotzeko. Indarrean sartuko balitz, baina, EBZk hainbat baldintza bete beharko lituzke. Besteak beste, plana justifikatzen duen txosten bat aurkeztu beharko luke, eta, Grezia eta Zipreko kasuei begira, batez ere, uko egin beharko lioke Estatuen erreskateetan parte hartzeari. Beste modu batera esanda, Europako Banku Zentralak troika utzi beharko luke.

Abokatu nagusiaren erabakia ez da loteslea, baina hamar kasutik zortzitan Justiziak berretsi egiten du. Behin betiko ebazpena datozen hilabeteetan kaleratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Europako Banku Zentrala