Krisi Ekonomikoa -

Gasteiz

General Cablek Gasteizko lantegia itxi eta 140 langile kaleratuko ditu

Erabakiaren atzean pilatutako galera handiak daudela adierazi du enpresak. Langileak, berriz, haserre agertu dira enpresak iaz etekin mardulak lortu zituelako.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
General Cableren itxierak 140 langile kalean utziko ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

General Cablek Gasteizko lantegia itxi eta bertan dauden 140 langileak kaleratuko dituela iragarri du gaur. Kaleratzeak datozen egunotan izango omen dira.

Horixe jakinarazi die enpresa multinazionalaren zuzendaritzak langileei, galerak pilatu dituela argudiatuta.

Langileak, berriz, haserre agertu dira erabakiaren berri izan dutenean. Izan ere, kablea ekoizten duen enpresak iaz etekin mardulak lortu zituela salatu dute.

Jaurlaritzak 'bitartekoak' agindu ditu

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua Mexikon dira, bidaia ofizialean. Han jaso dute Bergarako Candy-Hoover eta Gasteizko General Cable  enpresen itxieraren berria.  Tapiaren hitzetan, "onartezina" da bi enpresa horietako arduradunen jarrera, aurretiazko jakinarazpenik gabe kaleratzeak iragarri dituztelako. Jaurlaritzak "bitartekoak" jarriko dituela agindu du, lantegien itxiera galarazteko.

"Agur eta Banoa.  Hiru hitzetan laburtu dute multinazionalek erabakia, euskal erakundeek industria bultzatzeko ditugun aukerak  eta konpromisoak aztertu gabe. Ez dut onartzen Euskadirekiko erakutsi duten jarrera. Bestelako irtenbideak lantzeko borondatea zor diete langileei, eta bide egoki baten alde eginez gero, Jaurlaritzaren laguntza izango dute. Bestela, aurrean eta tinko izango gaituzte", esan du sailburuak.

LABek Jaurlaritzaren kontra egin du

Bestalde, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren jarrera "antzua" salatu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Deitoratu duenez, enpresa asko finantzazio faltagatik itxi behar izan dituzte eta, kasu askotan, betiere Etxaideren hitzetan, "askozaz gehiago egin zitekeen". Beste kasu batzuetan "deslokalizazioak egin dituzte, eta horien aurrean, mugak eta politika aktibo eta eraginkorrak jarri daitezke indarrean".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak LAB albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Multinazionalak Etxegabetzeak gaur Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gasteiz berriak Albisteak