Krisi Ekonomikoa -

Zerga balantza

EAEk eta Nafarroak 1.576 eta 35 milioiko zerga oreka positiboa dute

2011ko datuei egiten die erreferentzia. Madril, Katalunia, Valentzia eta Baleareak dira oreka negatiboa duten erkidego bakarrak. Eusko Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoa defendatu du.

Angel de la Fuente, datuen aurkezpenean. Argazkia: Efe
Angel de la Fuente, datuen aurkezpenean.
Ogasun Ministerioaren datuek polemika piztu dute

1:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk eta Nafarroak 1.576 eta 35 milioi euroko zerga oreka positiboak dituzte, hau da, ematen dutena baino gehiago jasotzen dute.

Madrilgo, Kataluniako eta Valentziako erkidegoek, berriz, Estatuko zerga oreka negatiboenak dituzte, Ogasun eta Administrazio Publikoko Ministerioak 2011ko datuetan oinarrituta jakitera eman duenez.

Angel de la Fuente Fedea fundazioko zuzendari eta kontuak zenbatzeko metodologia ezarri duen adituak azaldu duenez, Madrilek 16.723 milioi euro gehiago jarri zituen jaso zituenak baino, Kataluniak 8.455, eta Valentziako Erkidegoak 2.018. Balantza negatiboa duen beste erkidegoa Balear Uharteak dira, eta 1.483 milioi euro gehiago eman zituen, zerga bidez jasotakoak baino.

Balantzaren beste aldean daude, oreka positiboarekin, Andaluzia (7.421 milioi euro), Kanariak (4.054), Gaztela eta Leon (3.929) eta Galizia (3.240).

Gainerako erkidegoek ere oreka positiboa dute: Extremadura (2.991 milioi), Gaztela-Mantxa (2.043), Asturias (1.666), Ceuta eta Melilla (702), Aragoi (633), Kantabria (205), Murtzia (173) eta Errioxa (12).

De la Fuentek azpimarratu du Ministerioak "gardentasunez" jokatu duela datuekin.

Eusko Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoa defendatu du

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak Kontzertu Ekonomikoa defendatu du gaur, balantza fiskalaren datuen harira, eta EAEk Espainiar estatuarekin izandako "solidaritatea" berretsi du.

Gatzagaetxebarriak azaldu du mota horretako ikerketa "akademikoak" sarri argitaratzen direla, eta horietatik zenbait sektorek atera ditzakeen ondorioen aurrean, Euskadiren Kontzertu Ekonomikoaren "balioa" defendatu du. Arau horrek EAEren eta Gobernu zentralaren arteko harreman finantzarioak kontrolatzen ditu.

Ogasun sailburuak azpimarratu du Kontzertuak "bi parametrorekin" funtzionatzen duela. Batetik, "Estatuaren aurreko aldebakarreko arriskua" dagoela esan du, EAEk, gainontzeko erkidegoek ez bezala, ez baitu "urteroko finantziazio bermerik", eta urteroko aurrekontuko errekurtsoak aurrerapenekin bermatzen dira.

Gainera, aipatutako arriskuaz gain, bada Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien artean "partekatutako arriskua" ere. "Kontzertu Ekonomikoaren baliagarritasuna defendatzen dugu", adierazi du Gatzagaetxebarriak, eta "Estatuarekin koordinazio, lankidetza eta solidaritate" printzipioetan oinarritzen dela gehitu du. Ogasun sailburuak gogorarazi du EAEk bere gain hartzen ez dituen kargen % 6,24 ematen diola Estatuari, Herri arteko Konpentsazio Funtsa tarteko.

Madrilen eta Kataluniaren protestak

Ignacio Gonzalez Madrilgo presidentearen hitzetan, finantziazio sistemak "solidarioa izateari uzten dio" lurralde batzuek biztanleko jasotzen duten diru kopurua ezberdina denean.

Artur Mas Kataluniako presidentearen ahotan, Espainiako Gobernuak "karga-etekina" zenbaketa metodoa bakarrik erabili du interes "politikoa" duelako. "Moneta-fluxua" ere aintzat hartu behar dela gogorarazi du Masek, Generalitateak egin bezala.

Kataluniako Exekutiboak azaldu duenez, erkidegoak 15.006 milioi euroko defizit fiskala du metodo batekin, eta 11.087 milioi eurokoa bestearekin.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Albisteak Nafarroa EAE Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Gastu publikoa