Krisi Ekonomikoa -

Azoka, ekainean BEC-en

Makina-erremintaren fakturazioak % 5-10 egingo du behera 2014. urtean

Lan falta da arazo nagusia. Iaz espero zena baino % 6,4 gehiago saldu zen, baina jasotako eskarien kopuruak behera egin zuen nabarmen, % 13,3.

Irudirik gabe
Irudirik gabe
2014 urtea ez da ondo hasi makina-erremintaren sektorearentzat

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko makina-erremintaren sektoreak bere kezka adierazi du gaur, urtea datu “txarrekin” hasi duelako eta, urte amaieran, fakturazioa % 5 edo % 10 jaistea aurreikusten duelako, batez ere India edota Txinako eskaerek behera egin dutelako. 2013. urtean 1.412 milioi euroko fakturazioa lortu zuen sektoreak.

Iaz, urtea espero zutena baino hobea izan zela onartu du gaur Jose Ignacio Torrecilla AFM elkartearen presidenteak. Hala ere, 2014. urtea “ilun” datorrela esan du Donostian egindako agerraldian.

Lan-karga falta da arazo nagusia, Torrecillasen hitzetan. Iaz espero zena baino % 6,4 gehiago saldu zen, baina jasotako eskarien kopuruak behera egin zuen nabarmen, % 13,3. Horrez gain, 2014ko lehenengo hiruhilekoa “ahula” izan dela azpimarratu du Torrecillasek.

Hala ere, aurreikuspen “onak” ditu makina-erremintaren sektoreak, datorren ekainean BECen egingo duten Estatu mailako azokari begira.

Produkzioak eta esportazioek gora egin zuten iaz, eta horrek urtea aurreikusitakoa baino hobeto ixtea ahalbidetu zion sektoreari. Esportazioetan inoizko daturik onena utzi zuen 2013. urteak, %8 pasatxo igota.

Baina eskaerak % 13 murriztu ziren iaz eta aurtengo lehen hiruhilekoan kopurua %20 jaitsi dela aintzat hartuta, 2014 “zaila” aurreikusi du Xabier Ortueta Espainiako Makina-erremintaren Ekoizleen Federazioko zuzendari nagusiak.

Txinako eta Indiako merkatuen geldialdia da oztopo nagusietakoa. Alemania da oraindik orain esportazio merkatu garrantzitsuena, baina ez da nahikoa, eta Espainiako merkatuak iaz izandako hazkundeak ez du orekatzen jaitsiera hori.

Jaurlaritzak abiatutako Renove Planak sektorean eragin positiboa izan duela esan dute sektoreko ordezkariek. Ehun bat enpresek eta ia 6.000 langilek osatzen dute Euskadin makina-erremintaren sektorea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Bilboko albisteak Bizkaiko albisteak Barakaldo BEC argazkiak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Enpresaburuak Industria sektorea gaur