Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Erkoreka: 'Fagorren bilerarekin dinamika berri bati ekingo zaio'
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez, gobernuak ez du "plan zehatzik" eramango eta ezin ditu diru-laguntzak eman, baina proposamenak baina aurrena MCCren jarrera ezagutu behar dute.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak agertu duenez, Fagor Etxetresnen egoera aztertzeko gaur arratsaldean Gobernuak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek, MCCk, kaltetutako udalek eta Fagor Etxetresnek egingo duten bilerarekin "dinamika berri bati ekingo zaio" eta horregatik, "oso garrantzitsua" da. Aldeek akordiorik lortzen ez badute ere, dinamika berri horretatik "irtenbidea etorri behar du", agertu du.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, bileran "gordin eta argi" hitz egiteko deia egin die aldeei, eta Jaurlaritzak hitzorduari emandako garrantziaren erakusle, Gasteizera Urkullu lehendakariaz gain, beste sailetako arduradunak ere joango direla azpimarratu du. "Gordin eta argi hitz egin behar dugu, egoera hau ezin da denbora gehiagoz luzatu", erantsi du.
"Mondragon Korporazioak bere estrategia jarraitu du. Bera zen erantzule nagusia eta egokiena zena egin du. Jaurlaritzaren sentsazioa da ez dituela beti datu guztiak mahai gainean jarri, horregatik diot bilerara biluzik eta datu guztiak mahai gainean ditugula joan behar garela. Gordintasunez arazoari heltzeko borondatea behar da, errezeloekin ezer gutxi aurreratu dezakegu eta", nabarmendu du.
Hori horrela, batzarraren garrantzia berretsi du, "dinamika berri bati" ekingo zaiolako. "Neurri potoloak daude eskuartean eta ezingo ditugu denak arratsaldean hartu, baina Jaurlaritzatik garrantzi handia ematen diogu bilerari, dinamika berri bati ekingo zaiolako eta hortik etorriko delako irtenbidea", gaineratu du.
Jaurlaritzak ez du 'plan zehatzik' eramango
Bilerara enplegu planik eramango ote duen galdetuta, ezezkoa bota du Erkorekak: "Plan zehatzik ezin du eraman Jaurlaritzak, jarrera bai" baina aurretik, MCCren asmoa zein den ikusi behar dutela azpimarratu du.
"Denon artean hausnarketa egin behar dugu gauzak okertu ez daitezen, eta krisi honek ahalik eta eragin txikiena egin dezan euskal ekonomian. Izan ere, erreakzionatzen ez badugu, gehiago okertu daitezke gauzak", esan du bozeramaileak elkarrizketan.
Fagorri eman ahal zaizkion diru-laguntzez galdetuta, argi mintzatu da Erkoreka: "Erakundeok lagundu dezakegu, baina ez laguntza klasikoen bidez: dirua emanez edo diru-laguntzen bidez... hori debekatuta dugu. Lehenik eta behin taldearen beraren jarrera, konpromisoa eta jarduna zein den eta bakoitza zer egiteko prest dagoen ikusi behar dugu. Gero erabakiko du administrazio bakoitzak zer egin", azaldu du.