Krisi Ekonomikoa -
Krisia Fagorren
Edesako langileek itxiera mugagabea abiatu dute Basaurin
Fagor Etxetresnakeko langileek, bestalde, elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan, Lakuan.
Erredakzioa
Edesako langileek itxiera mugagabea abiatu dute Basaurin. Protesta asteartean, 06:00etan, hasteko asmoa zuten, baina, azkenean, ekimena aurreratu eta itxiera mugagabea astelehenean bertan, 14:00etan, abiatzea erabaki dute Edesa-Fagorreko langileek, bertako iturriek Europa Press agentziari baieztatu diotenez.
Hala, egoitzaren kanpoaldean hiru etxola jarri dituzte, eta bertan itxialdia egiteko asmoa dute, 10 langileko txandak eginez. Irtenbidea lortu arte, protesta mugagabea egitea dute helburu. 16 langilek abiatu dute itxiera.
''Jendea oso animatuta dago. Zerbait egin behar dugu enpresa salbatzeko, honek azkenean arraste-efektua izango baitu, eta konpainia asko ixtea eragin dezakeelako'', esan dio Efe agentziari Teresa Perez itxiera abiatu duen langileetako batek.
''Dena prest geneukalako erabaki dugu itxiera aurreratzea'', azaldu du Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan Nora Palomares langileak. ''Gure enpleguaren alde eta zeharkako enplegu guztien alde borroka egiteko gaude hemen'', gaineratu du.
Basauriko Edesako lantegiak 200 behargin ditu. Langileen hitzetan, "negozioa bideragarria da, eta ixtea erokeria". Taldea desagertuta ''industria suntsitu'' egingo dela salatu dute.
Halaber, Edesako bazkideen egoera agerian uztea ere bada protestaren asmoa. Langileek azaldu dutenez, Gizarte Segurantzan kotizatzen dute, eta ez Lagun Aron (gainerako kooperatibistek bezala); ondorioz, ''ahaztuak eta baztertuak'' ez izatea aldarrikatzen dute.
Fagor Etxetresnak
Bestalde, Fagor Etxetresnakeko langileek elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan, Lakuan, 12:00etan.