Krisi Ekonomikoa -

Krisia Fagor Etxetresnaken

Eusko Jaurlaritzak asteazkenerako bilera berria deitu du

Fagor Etxetresnaken egoera larria aztertzeko asteazkenerako bilera berria deitu du Jaurlaritzak, gaurko aurreikusita zegoena atzeratu eta gero. Bilera 15:00etan izango da, Lehendakaritzan.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Lehendakariak premiazko bilera deitu du

0:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnaken egoera larria aztertzeko asteazkenerako bilera berria deitu du Eusko Jaurlaritzak, gaurko aurreikusita zegoena atzeratu eta gero. Bilera 15:00etan izango da, Lehendakaritzan.

Bileran Mondragon korporazioko eta Fagorreko ordezkariek, hiru foru aldundiek, Debagoienako alkateek eta Basauriko alkateak parte hartuko dute.

Idazkaritza Iberoamerikarreko idazkari nagusiarekin Lehendakaritzan bildu eta gero, arratsaldeko bilera atzeratzeko Mondragon Korporazioak erabilitako argudioak "errespetatzen" dituela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Urkulluren hitzetan, "orain Eusko Jaurlaritzak", Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailak, bilera deituko du. Bilera "emankorra" izatea eta "giro zuhurrean" egitea espero du lehendakariak.

Bere Exekutiboak eta Patxi Lopezen Gobernuak Fagorri emandako laguntzen inguruan Urkulluk hurrengoa esan du: "Ez dut atzera begiratu nahi", baina "zehatza ez den adierazpen baten aurrean azpijokorik" onartuko ez duela ohartarazi du.

Agintariak ez ditu laguntzak kritikatu, "egoera larriari aurre egiteko beharrezkoak zirelako". "Ez dut atzera begiratuko", errepikatu du, "baina ez dut purrustadarik, desitxuratzerik eta gaizki ulerturik onartuko".

Atzerapena

Fagor Etxetresnak kooperatiba erlojuaren kontra ari da lanean aurrera egiteko behar dituen 170 milioi euroak lortzeko; izan ere, Mondragon Taldeak (MCC) Fagor Etxetresnaki ez ziola gehiago diruz lagunduko iragarri zuen asteazkenean, proiektua ez zela bideragarria argudiatuta. Mondragon Taldeak bilera egin behar zuen gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Debagoieneko udaletako ordezkariekin, baina atzeratu egin dute.

Gaur goizean bertan jakinarazi diete Mondragon Taldeko ordezkariek erakundeei bilerara joateko aukerarik ez zutela izango.

MCCk ez ziola Fagor Etxetresnaki diruz gehiago lagunduko iragarri zuen iragan astean, kooperatibak aurkeztutako bideragarritasun plana ez dela bideragarria argudiatuta. Behin MCCren erabakia ezagututa, Eusko Jaurlaritzak jarrera leundu du. Dena dela, agertoki berri honetan ere, bere konpromiso eta inplikazio osoa nabarmendu nahi izan du Jaurlaritzak.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azken minutura arte lanean jarraitzeko deia egin du. Mondragon Taldea zalaparta mediatikotik at mantendu da, baina bere jarrera zein den argi erakutsi zuen ostegunean argitaratutako agirian. MCCk eredu kooperatiboaren aldeko apustua egingo du, baina ez dio Fagor Etxetresnaki gehiago diruz lagunduko, ez zaiolako proiektu salbagarria iruditzen.

Aste hau erabakigarria izango da Fagor Etxetresnak kooperatibarentzat; izan ere, finantziazioa lortu ezean, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuko du 7-10 eguneko epean.

Ohiko finantzazio iturriak itxita, Fagor Etxetresnak enpresa sektoreko lehiakideekin azken orduko akordio baten bila ari da.

Itxialdia Basaurin

Edesako langileek itxialdi mugagabea abiatu dute Basaurin Fagor Etxetresnak taldeari "konponbideak" eskatzeko, langileek jakinarazi dutenez. Protesta asteartean, 06:00etan, hasteko asmoa zuten, baina, azkenean, ekimena aurreratu eta itxiera mugagabea astelehenean bertan, 14:00etan, abiatzea erabaki dute Edesa-Fagorreko langileek, bertako iturriek Europa Press agentziari baieztatu diotenez. Etxolak jarri dituzte, eta bertan itxialdia egingo dute 10 langilek osatutako txandak eginez.

Basauriko Edesako lantegiak 200 behargin ditu. Langileen hitzetan, "negozioa bideragarria da, eta ixtea erokeria da", eta aste honetan bertan eskariak jaso dituztela nabarmendu dute.

Fagor Etxetresnak enpresako atzerriko lantegien egoera

Fagor Brandt filialeko sindikatuak Frantziako Gobernuko Industria eta Enplegu Ministerioko ordezkariekin elkartu dira gaur. Bertako lantokiak ixtea ekiditeko asmoz, laguntza eskatzea zuten sindikatuek helburu, baina, ia bi orduko bilera egin ondoren, ez dute berehalako konpromisorik lortu.

Bestalde, Haier multinazionalak bukatutzat eman du Polonian lantegi bat eraikitzeko Fagor Etxetresnakekiko zuen akordioa. Halaber, Fagor Mastercook, Fagor Etxetresnak kooperatibaren Poloniako filialak, hartzekodunen konkukrtsoan sartzeko eskaria egin zuen joan den astean. Poloniako lantegian 1.800 beharginek egiten dute lan, eta 220 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2012an, Fagorreko iturriek azaldu dutenez.

Aurrezkiak berreskuratu nahian

Fagor Elektrotresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko aukerak are ezkorrago egotera bultzatzen ditu bazkideak, bazkide ohiak eta senideak, "oso zail" ikusten baitute euskal kooperatiban sartutako dirua berreskuratzea.

Ordaindu kaltedunen elkarteak bilera egingo du bihar, eta dirua errekuperatzen saiatzeko Jaurlaritzarekin bilera egitea aztertuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Fagor gaur Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza Mondragon korporazioa albisteak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Eguneko albisteak