Krisi Ekonomikoa -

Krisia Fagor Etxetresnaken

Fagor Etxetresnakek finantzazioa lortzeko azken ahalegina egingo du

Astelehenean Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Diputazioko eta Mondragon Taldeko ordezkariek eta Debagoieneko alkateek bilera egingo dute Arrasaten.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Jaurlaritza, Aldundia eta Fagor eta MCCko ordezkariak bilduko dira

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnak kooperatiba erlojuaren kontra ari da lanean aurrera egiteko behar dituen 170 milioi euroak lortzeko; izan ere, Mondragon Taldeak (MCC) Fagor Etxetresnak ez zuela gehiago diruz lagunduko iragarri zuen asteazkenean, proiektua ez zela bideragarria argudiatuta.

Beraz, aste honetan finantziazioa lortzen dituen azken aukerak baliatzen saiatuko da kooperatiba. Bihar Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Diputazioko, Debagoieneko udaletako eta Mondragon Taldeko ordezkariek bilera egingo dute Arrasaten, Fagor Etxetresnak kooperatibaren egoerak Debagoienan, Gipuzkoan eta orohar, Euskal Autonomia Erkidegoan izango duen eragina aztertzeko.

MCCk ez zuela Fagor Etxetresnak diruz gehiago lagunduko iragarri zuen kooperatibak aurkeztutako bideragarritasun plana ez dela bideragarria argudiatuta. Behin MCCren erabakia ezagututa, Eusko Jaurlaritzak jarrera leundu du. Dena dela, konpromiso eta inplikazio maila argi utzi nahi izan du, baita eszenatoki berri honetan ere. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak eta Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak parte hartuko dute asteleheneko bileran.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azken minutura arte lanean jarraitzeko deia egin du. Gipuzkoako Foru Aldunditik Martin Garitano ahaldun nagusia eta Jon Peli Uriguen diputatuak Arrasateko bileran izango dira.

Mondragon Taldea zalaparta mediatikotik at mantendu da, baina bere jarrera zein den argi erakutsi zuen ostegunean argitaratutako agirian. MCCk eredu kooperatiboaren aldeko apustua egingo du, baina ez du Fagor Etxetresnak gehiago diruz lagunduko, ez zaiolako proiektu salbagarria iruditzen.

Aste hau erabakiorra izango da Fagor Etxetresnak kooperatibarentzat, izan ere, finantziazioa lortu ezean, hartzekodunen lehiaketa aurkeztuko du 7-10 eguneko epean.

Ohiko finantzazio iturriak itxita, Fagor Etxetresnak enpresa sektoreko lehiakideekin azken orduko akordio baten bila ari da.

Itxialdia Basaurin

Edesako langileek itxialdi mugagabe bat hasiko dute datorren asteartean Basaurin Fagor Etxetresnak taldeari "konponbideak" eskatzeko, langileek jakinarazi dutenez. Etxola bat jarriko dute, eta bertan itxialdia egingo dute 10 langilek osatutako txandetan.

Basauriko Edesako lantegiak 200 behargin ditu. Langileen hitzetan, "negozioa bideragarria da, eta ixtea erokeria bat da"; izan ere, aste honetan bertan eskariak jaso dituztela nabarmendu dute.

Fagor Etxetresnak enpresako atzerriko lantegien egoera

Fagor Brandt filialeko sindikatuak Frantziako Gobernuko Industria eta Enplegu Ministerioko ordezkariekin elkartuko dira astelehenean. Bestalde, Fagor Mastercook, Fagor Etxetresnak kooperatibaren Poloniako filialak, hartzekodunen lehiaketan sartzeko eskaria egin zuen aste honetan. Poloniako lantegian 1.800 beharginek egiten dute lan, eta 220 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2012an, Fagorreko iturriek azaldu dutenez.

Aurrezkiak berreskuratu nahian

Fagor Elektrotresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko aukerak are ezkorrago egotera bultzatzen ditu bazkideak, bazkide ohiak eta senideak, "oso zail" ikusten baitute euskal kooperatiban sartutako dirua berreskuratzea.

Ordaindu kaltedunen elkarteak bilera egingo du bihar, eta dirua errekuperatzen saiatzeko Jaurlaritzarekin bilera egitea aztertuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Edessa etxetresna elektrikoak Mondragon korporazioa Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Enpresak