Krisi Ekonomikoa -
Ogasun Ministerioa
Funtzionarioen soldata bere horretan mantenduko dute 2014an
Halaber, aurtengo baldintzetan mantenduko dute lan eskaintza publikoa ere. Rajoyk asteartean aurreratu bezala, ez dute bertan behera utziko aparteko soldatarik.
Erredakzioa
Funtzionarioen soldata bere horretan mantenduko dute 2014an, laugarrenez jarraian, Ogasun Ministerioak jakitera eman duenez. Laugarren aldiz utziko dituzte soldatak bere horretan, 2010eko ekainean soldatak % 5 jaitsi ondoren eta 2012ko Gabonetako aparteko soldata bertan behera utzi ondoren. Langileak ordezkatzeko neurriak ere bere horretan utziko dituzte.
2014an langile publikoek aparteko bi soldatak jasoko dituztela ere berretsi du Ministerioak, joan den asteartean Rajok aurreratu bezala. Biharko Ministroen Kontseiluak onartuko duen Aurrekontuen lege proiektuan hori jasoko dutela ere azaldu dute.
Halaber, aurtengo baldintzetan mantenduko dute lan eskaintza publikoa ere, eta, ondorioz, % 10eko salbuespena egingo dute zenbait arlotan, tartean osasunean, hezkuntzan, Estatuko Segurtasun Indarretan, erkidegoetako Polizietan eta Udaltzaingoetan, Gizarte Segurantzan eta iruzur fiskalaren kontrako borrokan.
Funtzionario kopurua
2013ko abuztuaren 30eko datuen arabera, 560.111 langile zeuden Estatu mailako sektore publikoan, aurreko urtean baino % 2,95 gutxiago. Horietatik 497.630 ziren funtzionarioak eta 62.481, berriz, lan-kontratudunak.