Krisi Ekonomikoa -
Lanpostuak bermatzeko
Eroskik soldata jaitsiko die 40.000 langileri, galeren ondorioz
2008. urtetik, enpresak 326 milioi euroko galerak izan ditu. Horrez gain, fakturazioa jaitsi egin da: 2008an 8.102 milioi hartu zituzten; azken urtean, berriz, 6.221 milioi.
Erredakzioa
Eroskik soldata jaitsiko die bere 40.000 langileei, enpresak azken urteetan izandako galerei aurre egiteko asmoarekin. Soldata jaitsiera 2013-2016 eperako onartutako estrategia plan berrian agertzen da.
Informazioa eleconomista.es webguneak atera du, eta, horren arabera, Agustin Markaideren enpresak "gastuak murrizteko" eta "proiektuarekin daukagun inplikazioaren adibide gisa" azaldu du soldatak murrizteko erabakia. Aurretik, zuzendaritzak kideen soldatak murriztea erabaki zuen (kideak 8.500 inguru dira, %21). Murrizketa %5ekoa izan da langileen kasuan eta %10ekoa zuzendaritzako kideen kasuan eta indarrean da iragan maiatzetik.
"Kooperatiba bat gara eta irabazien zati bat guztion artean banatzen diren moduan, gauzak gaizki doazenean guztiok egin behar dugu sakrifizioa. Enpresa ereduari lotuta doa", adierazi dute Eroskiko ordezkariek.
Galerak eta fakturazioaren jaitsiera
2008. urtetik, Eroskiren galerak 326 milioi eurokoak izan dira, eta, urtetik urtera, galera horiek handitzen joan dira. Gauzak horrela, iaz 121 milioi euro galdu zituzten, aurreko urtearen hirukoitza.
Horrez gain, fakturazioa jaitsi egin da: 2008an 8.102 milioi hartu zituzten; azken urtean, berriz, 6.221 milioi. Fakturazioaren jaitsiera horretan eragin zuzena izan du Mercadonaren bultzadak, besteak beste.