Krisi Ekonomikoa -

2012ko abenduko ordainsaria

Aparteko soldata bertan behera mantentzea erabaki du Konstituzionalak

Euskadin neurria albo batera uzteak ''Estatuko politika ekonomikoan beharrezkoa den koherentziarako'' ondorio ''kaltegarriak'' izango lituzkeela uste du auzitegiak.

Eusko jaurlaritza
Eusko jaurlaritza
Eusko jaurlaritza

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko funtzionarioen 2012ko Gabonetako ordainsaria bertan behera mantentzea erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, Euskadin neurria albo batera uzteak ''Estatuko politika ekonomikoan beharrezkoa den koherentziarako'' ondorio kaltegarriak izango lituzkeela argudiatuta.

Astelehen honetan kaleratu duen epai batean eman du Konstituzionalak erabakiaren berri, baina, testu horretan ez ditu Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko eskumen gatazkaren ingurukoak jorratu. Halaber, ez du aparteko soldata bertan behera uzteko erabakiaren konstituzionaltasunaren inguruko ondoriorik plazaratu.

Aurrekontuen oreka mantendu eta lehiakortasuna sustatzeko, joan den urteko Gabonetako aparteko ordainsaria bertan behera uztea erabaki zuen dekretu bidez Rajoyren Gobernuak 2012ko uztailean. Patxi Lopezen exekutiboak aparteko soldata ordaintzeko agindua eman zuen, baina Gobernuak erabaki hori Konstituzionalera eraman zuen. Auzitegiak eskumen gatazka onartu eta, ondorioz, aparteko soldataren ordainketa geldiarazi zuen.

Orain, apirilaren 23ko data duen epai batean, kautalezko neurria bere horretan mantentzearen alde agertu da Konstituzionala. Auzitegiak testu horretan azaldu duenez, ''defizita eta zorra murrizteko asmoz Estatu mailan hartutako neurriaren eraginkortasuna arriskuan jar lezake'' kautelazko neurria albo batera uzteak.

Halaber, ''Estatuko funtzionariekin alderatuta, EAEko funtzionarioen aldeko egoerak sortzea saihesten du'' kautelazkoa neurriari eusteak, epaiaren arabera.

Hala, aparteko soldata bertan behera uzteko kautelazko neurriak albo batera uzteak ''interes orokorrei eragin ahal izan dizkien kalteak'' nahikoa dira neurria bere horretan mantentzeko. Horrek, edonola ere, ''ez du gaiaren inguruko azken erabakia zein izango den aurreratzen'', Konstituzionalak gogoratu duenez.

Jaurlaritzak astearte honetan aztertuko du erabakia

Astearte honetako gobernu-bileran aztertuko du Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez. Iturri horien arabera, Josu Erkorekak emango du azterketa horren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur EAE albisteak Funtzionarioak albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Soldatak