Krisi Ekonomikoa -
Aurrekontuak
Laguntza sozialak mantenduko dituela ziurtatu du Aburtok
Sailaren aurrekontua aurkeztu du Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak Legebiltzarrean. 768.177.010 euroko aurrekontua da eta % 16,3ko murrizketa izan du.
Erredakzioa
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak 2013an oinarrizko laguntza sozialak matenduko dituela ziurtatu du gaur, nahiz eta Saileko aurrekontua % 16,3 murriztu. Etxebizitza arloak murrizketa handienak jasango dituela azaldu du.
Sailaren aurrekontua aurkeztu du Aburtok Eusko Legebiltzarrean. 768.177.010 euroko aurrekontua da eta % 16,3ko murrizketa izan du.
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI), Etxebizitzako Prestazio Gehigarria (PCV) eta Gizarte Premietarako Laguntza (AES) bermatzeko diru kopuruak mantendu dituztela errepikatu du Juan Maria Aburtok. Bestalde, telelaguntzareko aurrekontua % 11 handituko dutela nabarmendu du, "adineko edo desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzu oso garrantzitsua delako". Zerbitzuak 27.000 pertsona artatzen ditu gaur egun.
Enpleguari dagokionez, Lanbideren bitartez iaz bideratutakoa baino gehiago inbertituko dutela azaldu du Aburtok. Zentzu horretan, emakume eta gazte langabeek lehentasuna izango dutela esan du. Enplegua Suspertzeko Planaren ekimenak gehitu behar zaizkiela erantsi du.
Azkenik, etxebizitza arloak aurrekontu murrizketa handiena pairatuko duela onartu du sailburuak. Hala ere, Bizigune programa hobetzeko oinarriak jarriko dituztela ziurtatu du. Alokairurako etxebizitzen kopurua handitzeko konpromisoa hartu du. Hutsik diren etxebizitzak kostu txikiagoan alokairuan jartzeko apustua egin du.