Krisi Ekonomikoa -
Bankuen erreskatea
De Guindos: 'Bankiak diru-laguntza guztiak itzuliko dituelakoan nago'
Ekonomia ministroak esan duenez, Bankiaren "kudeaketa talde profesionalari esker", banku hori eta nazionalizatutako gainerako erakundeak diru-laguntzak "hemendik gutxira" itzultzeko gai izango dira.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasunerako ministroak esan duenez, Gobernuak emandako diru-laguntzak itzultzeko gai izango da Bankia, Gobernuak nazionalizatutako gainerako erakundeak bezala (CatalunyaBanc eta Novacaixagalicia).
Ministroaren esanetan, Bankiaren zazpi milioi bezerok "askoz ere lasaiago egoteko aukera dute, erakundeak zoragarrizko kaudimena duelako". Halaber, Bankiaren "kudeaketa talde profesionalari esker", banku hori eta nazionalizatutako gainerako erakundeak diru-laguntzak "hemendik gutxira" itzultzeko gai izango dira.
De Guindosek gogora ekarri duenez, finantza-sistema garbitzeko Espainiak 40.000 milioi euroko mailegua jaso zuen. Horrek 10 urtera 5.000 milioi euroko zorra ekarriko du.
Gardentasuna
De Guindosen esanetan, orain Espainiako finantza-sistema "zeharo gardena da, eta baldintza zailei aurre egiteko gai dela erakutsi du". "Arazoei aurre egin ezin izan dugun uneetan, kapital handia jarri dugu, eta horri esker, arriskuaz libratu gara".
Hirigintza alorreko arriskua garbitzeko bi errege-dekretuen laguntzaz, finantza-alorrean egindako hornidurak sendotzeko ahaleginak azpimarratu ditu ministroak. "Aurreko zortzi hilabeteekin alderatuta, gaurko argazkiak ez du zerikusirik", ondorioztatu du.