Krisi Ekonomikoa -

Krisiaren datuak

Confebask: '2008tik hona ia 7.000 enpresa itxi dituzte EAEn'

Miguel Angel Lujuaren arabera, krisia hasi zenetik 17.000 autonomo galdu dira, eta EAEko enpresa sarea 'hiltzen ari da', gaineratu du.

SEA, Cebek, Adegi eta Confebask enpresarien elkarteetako ordezkariak gaur Bilbon. Argazkia: EFE
SEA, Cebek, Adegi eta Confebask enpresarien elkarteetako ordezkariak gaur Bilbon.
Euskal enpresen ordezkari nagusiek inoizko krisi larriena bizi dugula esan dute

1:43

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak jakinarazi duenez, 2008an krisia hasi zenetik EAEko 6.896 enpresa itxi dituzte eta 17.000 autonomo galdu dira. Horren hitzetan, euskal enpresen sarea "hiltzen ari da".

Gaur goizean prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon, Miguel Angel Lujuak eta Arabako SEA, Bizkaiko Cebek eta Gipuzkoako Adegi enpresarien elkarteetako ordezkariek. Horien iritziz, "historiako krisi ekonomiko larrienaren aurrean gaude".

Lujuaren esanetan, lehentasuna enpresak salbatzea da, kaltea konponezina izan ez dadin. Horretarako, enpresak ez zigortzea eskatu du, esaterako, fiskalitatearen alorrean.

Confebasken datuen arabera, 2008ko maiatzaz geroztik EAEko enpresen % 10,9 itxi dituzte. Halaber, urtarrila izan da "historiako hilabeterik txarrena", 639 itxita, batez beste 102 itxi dituzte hilean.

Azken hilabeteetan egoerak okerrera egin duela azpimarratu du eta iaz 1.839 enpresa desagertu zirela azpimarratu du (krisia hasi zenetik desagertu diren enpresen % 26,6).

2013. urteari begira, prebisioak ez direla onak izango adierazi du Lujuak. "Ez ohiko neurriak hartzen ez badira", EAEko Barne Produktu Gordinak % 1,3 atzera egingo duela ohartarazi du.

"Hazkunde ekonomikoa lortzeko, enpresa oinarria eta motorra dela barneratu behar du gizarteak. Erakundeek adostutako neurriekin, enpresa bizirik mantendu behar dugu", gaineratu du. "Enpresak dira irtenbidea eman dezaketen bakarrak".

Sindikatuekin "hitzarmen zabal bat" sinatzea defendatu du Confebaskeko presidenteak. Horrez gain, "ekonomiaren motorra" izango den fiskalitate berria ere eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Confebask EAE albisteak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Enpresen albisteak Industriaren azken ordukoak