Krisi Ekonomikoa -

Icesaveren porrota

Islandiak ez die indemnizazioa eman beharko atzerriko aurreztaileei

Merkataritza Askearen Europako Elkartearen Epaitegiak arrazoia eman dio Islandiari, eta ez du Britainia Handiko eta Herbehereetako bezeroen galerak konpentsatzeko.

Islandia. Argazkia: EITB
Islandia.
Islandia. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Merkataritza Askearen Europako Elkartearen Epaitegiak arrazoia eman dio Islandiari, eta Estatuak ez du Britainia Handiko eta Herbehereetako herritarrek Icesave banketxearen porrotagatik galdutako dirua itzuliko.

Islandiak, Norvegiak, Suitzak eta Liechtensteinek osatzen duen Merkataritza Askearen Europako Elkartearen epaitegiak atzera bota du gainbegiraketa lana egiten duen erakundearen salaketa. Erakunde horren arabera, Islandiak urratu egin zuen Europako gordailuen zuzentaraua, ez baitzien gutxieneko indemnizazioa eman Herbehereetako eta Britainia Handiko Icesaveren bezeroei.

Landsbankiren filiala zen Icesave, eta Islandiako Gobernuak nazionalizatu egin zuen 2008ko urriko banketxeen krisia gertatu zenean.

Gatazka Herbehereekin eta Britainia Handiarekin

Europako Batzordea salaketaren alde agertu zen, epaitegiak orain atzera bota duen salaketaren alde, alegia. Ebazpena garaipen handia da Islandiarentzat Herbehereekin eta Britainia Handiarekin duen gatazkan, izan ere, Londresek terrorismoaren kontrako legedira ere jo zuen Islandiako dirua blokeatzeko.

Britainia Handiak eta Herbehereek, Europar Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren bidez, blokeatu egin zuten nazioarteak krisia gainditzeko Islandiari emandako diru-laguntza, 'Icesave auzia' argitzen den bitartean.

Islandiako Gobernua bitan saiatu zen Icesaveren zorrari irtenbidea ematen, baina islandiarrek, erreferendum bidez, errefusatu egin zuten atzerriko aurreztaileei indemnizazioa emateko lege bat sortzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Erresuma Batua argazkiak Epaiketak argazkiak Herbehereak albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Islandia gaur