Krisi Ekonomikoa -
EAJ-k baino ez du alde bozkatu
Legebiltzarrak onartu egin du 2013ko ordainsariak aurreratzea
Eusko Jaurlaritzaren ustez, ordainsariak aurreratzea "zentzuzko irtenbidea" da.
Eusko Legebiltzarrak onartu egin du Eusko Jaurlaritzaren 67.000 funtzionarioei 2013. urteko aparteko ordainsariak aurreratzea.
EAJren 26 legebiltzarkidek baino ez dute alde bozkatu. EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD abstenitu egin dira, eta boto zuri bat izan da, abstenitu nahi zen eta bozkatzean hanka sartu duen parlamentari batena, seguru aski.
Hori horrela, funtzionarioek urtarrileko lehen egunetan jasoko dute udako ordainsaria, eta Gabonetakoa, aldiz, uztailean.
Oraingoz ez dago argi, baina, zer gertatuko den hurrengo urteko abenduan.
Josu Erkoreka Administrazio Publiko eta Justizia sailburuaren esanetan, 2013ko ordainsariak aurreratzea "zentzuzko irtenbidea" da, Auzitegi Konstituzionalak abendukoa ematea galarazi eta gero.
Halaber, erabaki honek ez duela Espainiako Gobernuaren dekretua (Gabonetako ordainsaria ematea debekatzen duena) urratzen azaldu du.
Ane Urkiola EAJko legebiltzarkideak ekimenaren alde daudenen txandan azaldu duenez, funtzionarioek jasoko dituzten ordainsariak 2013koak izango dira, hots, ez dute loturarik 2012koekin. "Proposamenak segurtasun juridikoa dauka", nabarmendu du.
Ondoren, Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak salatu egin du funtzionarioen erosteko ahalmena % 20 jaitsi dela azken urteetan. Hori dela eta, 2013ko ordainsariak aurreratzea 2012an funtzionarioen soldata % 7 murriztea onartzea dela ohartarazi du. Koalizio abertzalearen ustez, hurrengo urtean funtzionarioek 14 soldata eta "osagarri bat" jaso beharko lukete, aurten galdutako ordainsaria orekatzeko.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen esanetan, ekimena onartzea errazteko helburuz abstenitu dira, eta legeari "oinarrizko hainbat printzipio" falta zaizkiolako errefusatu dute alde bozkatzea.
PPtik, 2013ko ordainsariak aurreratzea "arduragabekeria" dela esan du Arantza Quirogak, eta Estatuaren oinarrizko legeak bete egin behar direla gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzari.
Gorka Maneiro UPyDko parlamentariak funtzionarioei 2012ko abenduko ordainsaria ukatu izana salatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren irtenbidearekin kritiko agertu da, 2013ko ordainsariak aurreratzea derrigorrezkoa izateagatik.
Legebiltzarraren kanpoaldean, ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin dute, norberak bere aldetik, abenduko ordainsaria berreskuratzea aldarrikatzeko.
Nafarroako Parlamentuak eman egin du Gabonetako ordainsaria
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak dagoeneko eman die Gabonetako aparteko ordainsaria bere 50 funtzionarioei, atzo Ganberako Mahaiak hala erabakita (UPNk aurka bozkatu zuen, baina PSN, Bildu eta NaBai alde agertu ziren).
Hain zuzen ere, Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak atzo sinatu zuen akordioa, eta funtzionarioek gaur jaso dute ordainsaria, Ganberatik jakinarazi dutenez.