Fagor -
Krisia Fagorren
Edesako langile ohiek 'tratu bidegabea' salatu dute
Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak lasaitasuna eskatu die Edesako langileei, eta adierazi du Catak proiektua duela Basauriko lantegiarentzat.
Erredakzioa
Edesako langile ohiek Mondragon Taldearen eskutik “tratu bidegabea” jasotzen ari direla salatu dute. Cata enpresak Basauriko lantegirako duen proiektuaren inguruko informaziorik ez omen dute jaso oraindik.
Edesako Langileen Babeserako Elkarteak bilera egin du goizean. “Catak aurreikuspenak beteko dituen itxaropena dugu, eta agindu zuen moduan, lehen urtean Basauriko lantegiko 50 langile birkolokatzea espero dugu”, adierazi dute elkarteko ordezkariek.
Nabarmendu dutenez, orain arte Edesako sei langile ohi besterik ez du elkarrizketatu Catak, eta mantentze-arloko lanak eskaini dizkiete horiei guztiei. Gainera, elkarrizketatu dituzten langileetako bati bakarrik ziurtatu omen diote lanpostua.
Edesako langileek prozesu hau bizkortzea espero dute, eta hilabete honetan elkarrizketa gehiago egitea.
Ordezkariek adierazi dutenez, Cata Arrasateko Fagor Etxetresnak lantegiko langile gehiagorekin ere jarri da harremanetan. Eta hori dela eta, Mondragon Taldea “tratu injustua” ematen ari zaiela salatu dute, Fagorreko langileei lehentasuna ematen dietelako.
Arantza Tapiak lasaitasuna eskatu du
Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak lasaitasuna eskatu die Edesako langileei, eta adierazi du Catak proiektua duela Basauriko lantegiarentzat.
“Catak proiektu bat du Edesarentzat, eta datozen hilabeteetan neurriak ezarriko dira”, adierazi du Tapiak. Langileek proposamena datozen egunetan edo asteetan jakingo dutela gaineratu du sailburuak.