Fagor -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Arantza Tapia: 'Esperantza faltsuak ez emateko garaia da'
Ekonomia Garapenarako eta Lehiakortasunerako sailburuaren hitzetan, MCCk Edesaren bideragarritasun plana "ondo aztertu du, zuhurtasunez", ikusi da "hau ez dela irtenbidea".
Iker Gonzalez | Eitb.com
Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuaren esanetan, "esperantza faltsuak ez emateko garaia da", MCCk Edesako langileek aurkeztutako bideragarritasun planari emandako ezezkoaren inguruan.
Edesako "langileak eta MMC elkarrekin lanean" izan direla nabarmendu ostean, "errespetu osoa" adierazi nahi izan du prozesuaren inguruan. "Nahiz eta presioak izan, erabakiak zuhurtasunez, zorroztasunez baina tentuz eta lasai hartu dituzte", gaineratu du, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
Halaber, Tapiaren esanetan, bideragarritasun "plana aurreplan bat zen, hainbat gauza zalantzan zeuden. Patenteak, markak... zelan kudeatu ez zegoen argi, zenbait gauza zehaztu gabe zegoen".
Bestalde, langileek "esperantza" izan behar dutela esan du, ikusi da "hau ez dela irtenbidea", baina Jaurlaritzak "lanean jarraituko du ahalik eta irtenbiderik onena bilatzen eta ahalik eta enplegu gehien salbatzen".
Ezezkoa
Ohar batean azaldu duenez, Basauriko (Bizkaia) eta Bergarako (Gipuzkoa) lantegietatik Fagor Etxetresnakeko Konfort negozioen inguruko bideragarritasun proiektu bana jaso dute, eta biak aztertu eta landu dituzte. ''Planaren azterketan oinarrituta, negozioaren errentagarritasuna nekez mantendu ahal izango da ingurune sektorial lehiakor horretan, eta ezin dakioke aurre egin planteatu den moduan'', Mondragonen hitzetan.
Basauriko eta Bergarako lantegiei eusteko bideragarritasun planak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso zuen. Hasierako inbertsio gisa 20 milioi euro behar zituzten, langileek emandako datuen arabera, eta bi aldundiak proposamena ekonomikoki babesteko prest agertu dira. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, bere jarrera argitzea eskatu izan dio Mondragon taldeari, eta ostiral honetan eman du jakitera korporazioak bere erabakia.
Mondragonek ohar horretan azaldu duenez, IBR Independent Business Review kanpoko eragile independenteak egin du planaren azterketa, korporazioak berak hala eskatuta. Txostenaren arabera, sustatzaileek aurkeztu duten planak ''zalantzak'' planteatzen ditu epe ertainera eta luzera, bideragarritasunari eusteari dagokionez.