Fagor -

Krisia Fagorren

Txema Gisasola Mondragoneko presidenteak dimisioa eman du

Mondragon Korporazioko presidenteak dimisioa eman du, "arrazoi pertsonalak" argudiatuz. Batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du Mondragon Taldea presidente berria aukeratu bitartean.

Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidentea. EITB.
Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidentea. EITB.
Mondragon Korporazioko presidenteak kargua utzi du

1:33

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidenteak dimisioa eman du ostiral honetan, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta. Batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du Mondragon Taldea presidente berria aukeratu bitartean.

Taldeak ohar batean jakitera eman duenez, Mondragonek bere etorkizunaren inguruko "hausnarketa epea" irekiko du orain. Egitasmo berria definituta izan arte, ez dute presidente berria aukeratuko.

Hausnarketarako epe horretan, datozen urteetako jardueraren "esparru orokorra" diseinatuko du Taldeak. Lehen pauso gisa, Korporazioko hainbat kooperatiba eta arlotako arduradunek osatutako talde bat arduratuko da abiapuntuko egoeraren balorazioa egiteaz, eta datozen urteetako ildo nagusiak "identifikatu eta jarraitu beharreko bide orria" marraztuko du.

Horrenbestez, hemendik aurrera, batzorde kudeatzaileak zuzenduko du Mondragon Taldea, "zerbitzu guztien funtzionamendua bermatuz eta kooperatiba guztien bazkideek etorkizunari buruz iritzia emateko aukera izan dezaten".

Taldeak azaldu duenez, Gisasolak dimisioa "arrazoi pertsonalengatik" eman ondoren esan du "elkartasun, esfortzu, lehiakortasun, berrikuntza teknologiko eta gizartearekiko konpromisoko" printzipioak, Mondragoneko kooperatiben funtsaren eta beraien etorkizuneko zutabeen oinarri direla.

Une honetatik aurrera, lehendakariaren dimisioak eragindako egoera batzorde kudeatzaile baten sorrerarekin bideratuko da, Kontseilu Orokorraren baitan, "Korporazioaren zerbitzuen funtzionamendu operatiboa bermatzeko eta elkartutako kooperatiba guztietako bazkide guztiek etorkizunean Mondragon nolakoa izango den erabakitzeko oinarriak jartzeko".

Jarduteko esparru horren ildoak datozen urteetan Mondragon Taldea gidatuko duen presidente berriak aurkeztuko dizkio 2014ko Kongresuari.

Mondragon Korporazioaren iritziz, beharrezkoa da "azterketa, hausnarketa eta eztabaida kolektiboa" nagusi izan behar duen etapa honi ekitea, "krisi ekonomiko globalak dakarren erronkari garantiekin aurre egiteko".

2013a oso urte zaila izan da Mondragon Taldearentzat. Izan ere, Fagor Etxetresnak kooperatiba hartzekodunen konkurtsoan nola sartu den ikusi behar izan du Gisasolak azken urtean.

Jaurlaritzatik ez dute adierazpenik egin nahi izan, "alor pribatuari dagokion" erabakia dela argudiatuz.

Etxetresnaken krisiaren erdian

Fagor Etxetresnakek bizi duen krisiak eraginda, Txema Gisasola (Zumarraga, 1962) Mondragon Korporazioko presidenteak kargua utziko du. Etxetresnaketik iritsi zen Mondragonera, 2012ko uztailean.

Azken hilabeteetan, langileen haserrea pairatu behar izan du Gisasolak, Etxetresnakeko presidente ohi eta Mondragoneko burua izateagatik. Hau da, Etxetresnakek bere agintaldian zehar pairatu zuen krisi larriagatik eta Korporazioak hartu zuen azken erabakiagatik.

Hala ere, kooperatiba batean erabakiak ez dituela presidenteak bakarrik hartzen esan du beti Gisasolak.

Korporazioko historian presidenterik gazteena izan da Gisasola. Jose Maria Aldecoaren tokia hartu zuen 2012ko uztailean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor kooperatiba Mondragon korporazioa Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Albisteak Enpresak