Fagor -
Krisia Fagorren
Arrasatera helduta, protesta gehiago iragarri ditu Edesaren 'martxak'
Edesako langileek argi utzi dute kalera ateratzen jarraituko dutela, enpresaren arazoa "enkistatuta" dagoelako.
Erredakzioa
Edesako bazkideek "martxa urdina" abiatu zuten atzo Basauriko lantegitik, eta, ordu batzuk geroago, Mondragon Korporazioaren Arrasateko egoitzara iritsi dira. Besteak beste, langileek beste kooperatiba batzuetan lanean jarraitu ahal izatea aldarrikatu nahi izan dute martxa honekin. Gainera, argi utzi dute "kalera ateratzen jarraituko dutela", enpresa honen arazoa "enkistatuta" dagoelako.
Edesako langileen bozeramaile batek azaldu duenez, asteartean hasi zen martxa , 08:00etan, eta Apatamonasterion bukatu zuten atzoko ibilbidea. Gutxi gorabehera berrogeita hamar langilek igaro dute gaua Apatamonasterioko albergean.
Gaur mobilizazioak Arrasaterako bidea hartu du, goizetik. Bidean, Basauritik heldu den autobus bateko eta Fagor Etxetresnakeko zenbait langile batu zaizkie, eta behin Arrasatera helduta, beste hainbat langileren harrera jaso dute.
Ondoren, Mondragon Korporazioaren egoitzara zuzendu dira, eta han agiri bat irakurri dute. "Leihoak itxita hartu gaituzte. Horrek agerian utzi du zein den haien jarrera, eta dirudienez ez dute aldatzeko asmorik", argitu du bozeramaileak.
Agiri honen bidez, "bidegarriak" diren negozioak mantentzeko deia luzatu diete enpresaburuei. Halaber, aurrejubilazioa aldarrikatu eta lanik gabe gelditu diren langileak beste enpresa batzuetara eramatea eskatu dute, hau da, "langile guztiek eskubide berdinak edukitzea".