Fagor -

KRISIA FAGORREN

Fagor Etxetresnakeko 202 bazkide birkolokatu dituzte dagoeneko

Datozen sei hilabeteotan beste 500 langile taldeko beste kooperatiba batzuetan birkolokatzea aurreikusten dute, eta, horretaz gain, 300 bat langilek erretiro aurreratua har dezaketela uste dute.

Fagor Etxetresnakeko langileak, lanpostuak aldarrikatzeko protestan. Argazkia:EFE
Fagor Etxetresnakeko langileak, lanpostuak aldarrikatzeko protestan. Argazkia:EFE
1.800 bazkideetatik 212 birkokatu dituzte

1:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnakeko 202 bazkide Korporazioaren beste kooperatiba batzuetan ari dira lanean dagoeneko. Hala jakinarazi du, ohar bidez, Mondragon Korporazioko zuzendaritzak. "Korporazioak enpleguarekin duen konpromiso irmoa gauzatzen ari da, Fagor Etxetresnetan konkurtso aurrea deklaratu zenetik hilabete doi pasatu denean, dagoeneko, 200 bazkide baino gehiago birkokatzea lortu baita", adierazi dute. Itxieraren ondorioz, Fagor Etxetresnakeko 1.600 langile geratu dira lanik gabe EAEn. Joan den astean aurkeztu zuen enpresak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskaria. Basauriko Edesa kooperatibarentzako hartzekodunen konkurtsoa, berriz, atzo eskatu zuten, eta Grumalentzakoa ere datozen egunotan eskatuko dutela espero da.

Gaur kaleratu duten agirian adierazi dutenez, "taldeko Industria arloko kooperatibek erantzun ezin hobea eman dute Fagor Etxetresnaken krisiaren ondorioz enpleguan gertatutako soberakinei lanpostuak eskaini eta irtenbidea emateko, eta datozen sei hilabeteetan 500 birkokapen gehiago egin daitezkeela azaltzen duen plan bat zehazten ari dira. Gainera, Banaketa arlotik etorriko den esfortzu gehigarria zehazteko dago, eta lagungarria izango da arlo honek ere bazkideak hartzeko duen gaitasuna".

Bestalde, Lagun-Aro EPSV kooperatibetako bazkideentzako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen gaur egungo araudiaren arabera, Fagor Etxetresnakeko 300 pertsonak erretiro aurreratua har dezakete.

Korporazioak "kooperatiben arteko elkartasunean oinarritutako erantzuna eman nahi dio enpleguaren arazoari, birkokapenen eta aurretiko erretiroen bitartez, eta, horrela, datozen hilabeteetan irtenbidea eskaini nahi dio 1.000-1.200 pertsona inguruko kolektibo bati".

Oharrean jasotzen denez, Korporazioa buru-belarri ari da lanean, lanik gabe geratu direnei irtenbideak emateko. Lagun-Aro, Enplegu Bulego Korporatiboa, Fagor Etxetresnak eta gainerako kooperatibak elkarlanean ari dira, hainbat aukera aztertzen eta enplegu planak bideratzen.

"Iraganak abalatzen du Korporazioak enplegua sortzeari dagokionez egindako bidea, eta bertan integratutako dibisio guztiek gaur egun ere ildo horretan jarraitzen dute. Gure kooperatibak askotariko sektore eta merkatuetan daude presente, eta hori bermea da epe ertain edo luzerako etorkizunean jarduera berriak eta, ondorioz, enplegu aukera berriak sortzen jarraituko dutela pentsatzeko. Gure negozioak beren merkatuetan lehiakorrak izatea berez albiste ona izaten da beti, eta are gehiago oraingo egoeran, Fagor Etxetresnetan soberan geratu den enpleguari irtenbidea emateko aukerak eskainiko direlako", esan dute, hitzez hitz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Fagor Edesa etxetresna elektrikoak Lana albisteak Mondragon korporazioa argazkiak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea