Fagor -

Krisia Fagorren

Rementeria: 'Fagorrek iritzia zergatik aldatu zuen azaldu behar du'

Fagor Etxetresnakeko zuzendaritza 3 milioi euroko bermea jasotzearen alde agertu zela gogoratu du Rementeriak. Helburua, Edesa hartzekodunen konkurtsotik ateratzea zen

Unai Rementeria, Jose Luis Bilbaorekin. EFE.
Unai Rementeria, Jose Luis Bilbaorekin. EFE.
Unai Rementeria, Jose Luis Bilbaorekin. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak Fagor Etxetresnaki eskainitako diru-laguntzaren inguruan iritzia zergatik aldatu zuten enpresa horretako buruzagiei galdetu beharko zaiela adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Fagor Etxetresnakeko zuzendaritza 3 milioi euroko bermea jasotzearen alde agertu zela gogoratu du Rementeriak. Helburua, Edesa hartzekodunen konkurtsotik ateratzea zen. “Azkenean Fagorrek iritzia aldatu zuen, eta orain erabaki horren ondorioak bizi ditugu”, gaineratu du.

Zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzako egoitzan erakundeetako ordezkariekin izandako bileran, Fagorreko arduradunek onartu zuten laguntza izanez gero bideragarria izan zitekeela Basuriko lantegia baina, ordu batzuk beranduago, “atzera egin zuten”.

“Edesak 230 langile ditu, eta zeharkako langileak ere asko dira. Eskaintza norabide horretan egin genuen”, azaldu du.

“Diputatu nagusiak badaezpada hiru milioi jartzea proposatu zuen, nahiz eta enpresak bi milioi behar zituztela esan.  Fagorreko zuzendariekin hitz egin genuen eta, ondoren, diru-laguntza iragarri genuen. Ordu batzuk beranduago, Fagorrek bere iritzia aldatu zuen eta orain erabaki horren ondorioak biziko ditugu. Guk enplegua eta jarduera ekonomikoa mantentzeko pausoak emango ditugu beti eta, horrenbestez, Fagorreko arduradunei galdetu behar diegu iritzia zergatik aldatu zuten”.

Bidesariak kamioientzat

Kamioientzat bidesaria jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoa “diskriminatorioa” izan daitekeela adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak. “Guk ez dugu hori ondo ikusten”, gaineratu du.

Azaldu duenez, Bizkaian hiru bidesari daude, hiru errepidetan jarrita. “Baina errepide guzti horiek badauzkate kalitatezko alternatibak, kamioiak eta kotxeak beste errepideetatik joan daitezke”, adierazi du.

Gipuzkoako egitasmo horren bitartez, “kalitatezko errepide guztietan” bidesariak jarriko dituztela salatu du Rementeriak, “ez dago alternatiba erosorik, eta hori da guk ez duguna ondo ikusten”.

Bizkaiko Aldundiko ordezkariak azpimarratu du ez dutela Bizkaian bidesari berririk jartzeko asmorik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor albisteak Ekonomia Bizkaiko diputatu ohia Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Dirulaguntzak Euskadin Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Kamioientzako bidesariak