Fagor -

FAgorren Krisia

Fagorren kalteari aurre egiteko irtenbideak proposatuko ditu Urkulluk

Fagorren itxierak kaltetu dituen enpresa guztiei laguntzeko Eusko Jaurlaritzak  'konpromiso irmoa' duela azaldu du Lehendakariak.

Iñigo Urkullu, Legebiltzarraren aurrean hitz egin ondoren. Argazkia:EFE
Iñigo Urkullu, Legebiltzarraren aurrean hitz egin ondoren. Argazkia:EFE
Iñigo Urkullu, Legebiltzarraren aurrean hitz egin ondoren. Argazkia:EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnak enpresa ixtearen ondorioak ahalik eta min gutxien eragiteko ahaleginetan ari direla berretsi du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Itxiera honek Fagorren bertan eta inguruko hornitzaile guztiengan eragin duen kalteari aurre nola egin aztertzen ari direla gaineratu du, eta irtenbide bila dabiltzala, kaltea ahalik eta txikiena izan dadin. "Konpromiso irmoa dugu lan horretan", esan du. Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran egin ditu adierazpenok Urkulluk. Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu dio Urkulluri, Fagorren itxieraren aurrean Jaurlaritzak hartuko dituen erabakien inguruan. Fagorren krisiaren aurrean Jaurlaritzak hasieratik izan duen estrategia "oso gardena" izan dela azpimarratu du lehendakariak. "Fagorren arazoak entzun ditugu, euren planei buruzko informazioa jaso dugu, bideragarritasun planaren berri badugu, eta plan hori kontuan hartuta, laguntzak bideratu ditugu eta bideratzen jarraitzeko borondatea dugu", esan du. Jaurlaritzak afera honetan hartu dituen erabaki guztiak "legea zorrotz begiratuta" hartu dituetela gaineratu du lehendakariak, betiere, "enpresaren bideragarritasuna bermatzeko".Duela hamaika hilabete, Jaurlaritzak MCCk orduan aurkeztutako bideragarritasun plana aztertuta, 25 milioiko diru-laguntza eman ziola kooperatibari gogora ekarri du Urkulluk. Bideragarritasun plan hori aurrera ateratzeko, orotara, 263 milioi euro aurreikusten zituen Fagorrek. "Diruz laguntzeko erabakia hartu genuen, eta egin beharrekoa egin genuen: enpresaren bideragarritasunari eusteko laguntza eman", adierazi du.

Egoerari aurre egiteko orain arteko bideari eutsiko diotela nabarmendu du.  Fagor Etxetresnaken itxierak eragin duen kaltea ahalik eta txikiena izan dadin lanean jarraituko dutela esan du. Bide horretan, aukera bat baino gehiago aztertzen ari direla eta Jaurlaritzak irtenbideak proposatu dituela jakinarazi du, ez bakarrik Fagorrentzat, baita kaltetutako enpresa hornitzaile guztientzat eta finantza erakundeentzat. Bi lan ildo Aurreratu duenez, bi lan lerro dituzte zabalik: batetik, Lanbiderena, eta bestetik Garapen Ekonomikorako sailean abian jarri dutena. "Kaltetutako enpresa guztiei laguntzeko konpromisoa dugu", adierazi du. Fagorren auzian erakunde publiko guztien estrategiak bide beretik jo beharko lukeela eta elkarlana ezinbestekoa dela esan du, "helburuak bateratuz". "Bideragarriak diren zatiei eusten ahalegindu behar dugu", gaineratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Fagor albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Euskal enpresak azken ordukoa