Fagor -
Fagor Etxetresnak
Tapia: 'Gauzak beste era batera egiterik bazegoen'
"Dagoeneko agertoki honetara iritsi gara, eta atzera begiratzea alferrikakoa da, lan asko egiteko dago", adierazi du Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak.
Eriz Lotina | eitb.com
Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuaren hitzetan, Fagor Etxetresnak "hartzekodunen konkurtsora heldu baino lehen, gauzak beste era batera egiterik bazegoen".
Sailburua ETB-1eko 'Airean' saioan elkarrizketatu dute arratsaldean. "Dagoeneko agertoki honetara iritsi gara, eta atzera begiratzea alferrikakoa da, lan asko egiteko dago", erantsi du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak orain arte gauzak "ondo pentsatuta eta aztertuta" egin dituela defendatu du Tapiak. Hartzekodunen konkurtsora heldu baino lehen egindako kudeaketa aurpegiratu die sailburuak MCCko eta Fagorreko arduradunei, baina "atzera begiratzerik" ez dagoela errepikatu du.
Atzoko bilera "oso gogorra" eta "tentsio handikoa" izan zela adierazi du Tapiak. Fagorreko enpresa hornitzaileei "irtenbide bat" eman behar zaiela azaldu du agintariak. Zentzu horretan, Jaurlaritza hornitzaileei laguntzen saiatuko dela ziurtatu du sailburuak. Fagorrek 200 bat hornitzaile dituela esan du, horietatik 40-50 garrantzitsuenak dira.
"Patxada"
"Ez dugu kalte gehiagorik egin nahi, poliki eta patxadaz hartuta, gauzak ahal diren neurrian konpondu behar ditugu", gaineratu du Tapiak.
"Agertoki berrian gaude, hartzekodunen konkurtsoan, alegia", errepikatu du. Sailburuaren ahotan, Jaurlaritza eroslea bilatzen saiatuko da, baina Fagor bezalako enpresa baten kasuan "gutxienez pare bat urte" beharko direla uste du.
Azkenik, kooperatiba eredua "zalantzan ez" dagoela esan du Tapiak, baina "nola kudeatu eta errentagarri egin" pentsatzea beharrezkoa dela erantsi du. Horregatik, "gogoeta" beharrezkoa dela adierazi du.