Bitxikeriak -
ELIKADURA
Bi arrautzak beste D bitamina duen tomate bat diseinatu dute
Tomate hori pertsona askok pairatzen duten D bitaminaren urritasunaren aurkako konponbidea izan liteke.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tamaina ertaineko bi arrautzak adina D bitamina izan dezakeen genetikoki editatutako tomate bat diseinatu du John Innes zentro britainiarraren ikertzaile-talde batek.
Ikertzaileak geneen edizioaz baliatu dira D3 probitamina handitzen duen landarearen genoman molekula jakin bat desaktibatzeko, bai fruituan, bai tomate-landareen hostoetan. Ondoren, molekula hori D3 bitamina bihurtu dute, UVB argiaren eraginpean.
Argiaren esposizioarekin D bitamina gure gorputzean garatzen da, baina bitamina-iturri nagusiak elikagaiak dira. Horregatik, labore hori pertsona askok pairatzen duten D bitaminaren urritasunaren aurkako konponbidea izan liteke.
Ikerketaren arabera, fruta helduaren D bitaminaren presentzia areagotu daiteke UVB izpien eraginpean luzaro egonez gero, adibidez, eguzkitan lehortzen denean. Gainera, entzima tomatean blokeatzeak ez du eraginik izan tomate-landareen hazkundean, garapenean edo errendimenduan.
Metodo hori lotura estua duten beste landare batzuei aplika dakieke, hala nola berenjenak, patatak eta piperrak. Izan ere, bide biokimiko bera dute.