Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Unibertsitate tituluen homologazioa, pinu-beldarra eta Chill Mafiaren agur kontzertua
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko martxoaren 28an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Unibertsitate tituluen homologazioa: Atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioa Euskadira transferitzea baliogabetzeko Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren harira, Maria Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak Eusko Jaurlaritzaren ekimenak aurkeztuko ditu prentsaurrean.
- Pinu-beldarra: Pinu-beldarra edo prozesionaria parke eta lorategietan ikustea ohikoa da otsaila eta apirila artean. Baina arriskutsuak al dira gizaki eta maskotentzako? Eta naturari kalterik eragiten al diote? Beldar horiekin edo askatzen dituzten ileekin kontaktu zuzena izateak narritadura, azkura, gorritasuna eta hantura eragin ditzake gizakien larruazalean, baita konjuntibitisa eta arnasteko zailtasunak ere, kasu larriagoetan. Maskoten kasuan, beldarrekin jolasean dabiltzala, kosk egin edo jaten badituzte, hil ere egin daitezke.
- Chill Mafiaren agur kontzertua: Chill Mafia nafar kolektiboak BECen emango du azken kontzertua, Barakaldoko erakustazokako Cubec! Aretoan, gaur gauean. Nafarren agur bira, hamar orduko jai batekin amaituko da. Hainbat artistarekin batera arituko dira, tartean, Nerve Agent, Hofe x 4:40, Euskoprincess, Bengo, La Txama, Mirua eta Arepas. "Agur eta Ohore" emanaldia ikusteko aukera egongo da, 23:00etatik aurrera, streaming bitartez, EITBren Primeran eta Guau plataformetan.