Itxi

Reala

SANTANDER LIGA

Realak Valladoliden aurka galdu du bigarren itzuliko lehen partida (0-1)

B. L. G. | EITB MEDIA

Lehen zatian Reala ezezagun zelairatu da. Bigarrenean, berriz, baloia berreskuratu eta gola egiteko aukerak sortu baditu ere, Valladolidek sartu du gola eta Imanol Alguacilen taldea ez da berdinketa lortzeko gai izan.

  • Brais Mendez

    Brais Mendez baloia babesten Valladolideko jokalarien aurrean. Argazkia: EFE

Realak 0-1 galdu du Valladoliden aurka Santander Ligako bigarren itzuliko lehen partida. Gatzik eta piperrik gabeko lehen zatia izan da; Sorlothek izan du abagune bakarra eta zutoinera bidali du. Bigarren zatian Alguacilek taldea berregituratu eta joko aldetik hobeto aritu bada ere, Valladolidek egin du partidako gol bakarra, 73. minutuan, Larinek sorbaldarekin errematatutako erdiraketa batean.

Reala-Valladolid partidako laburpena

Lesioek baldintzatuta ezohiko hamaikakoa zelairatu du talde txuri-urdinak. Ondorioz, lehen zatian bere burua aurkitu gabe aritu da Alguacilen taldea. Baloiaren jabetza kanpoko taldeak izan du eta ez da ia abagunerik izan.

Sorlothek izan du lehen zatiko aukera argiena, 34. minutuan. Pablo Marinek sakonean baloi bat eman eta Sorloth bakarrik geratu da Masipen aurrean, baina Norvegiarraren jaurtiketa zutoinera joan da. Minutuak joan ahala, txuri-urdinak ez dira gai izan euren jokoa aurkitzeko eta atsedenaldia heldu da.

Bigarren zatirako oriotarrak taldea berregituratu du: Brais eta Aihen zelairatu ditu Rico eta Barrenetxearen ordez. Bigarren zatiko lehen minutuetan bazirudien bestelako itxura bat izango zuela Donostiako taldeak eta gol aukerak sortzen hasi dira.

Sorlothek 59. minutuan egindako jaurtiketa bat gutxigatik joan da kanpora. Valladolidek berehala erantzun du. Larin bakar-bakarrik geratu da Remiroren aurrean eta Cascantekoak jaurtiketa geratu du. Hala ere, marrazainak jokaldia baliogabetu du.

Kubok hartu du orduan Realaren erasoaren zama eta 63. minutuan egindako jaurtiketa batek kinka larrian jarri du Masip. Ez dira hiru minutu pasa japoniarrak beste saiakera bat egin duenerako; oraingoan, ordea, lan gutxiago eman dio Pucelako atezainari.

Realak sentsazio hobeak zituela zirudien berdegunean. Baloiaren jabetza berreskuratuta, bere jokotik gertuago zegoen.

Bigarren zatiaren lehen ordu-erdia betetzear zela heldu da kanpoko taldearen gola. Larin kanadiarrak sorbaldarekin errematatu du Luis Perezen erdiraketa eta Remirok ezin izan du ezer egin gola ekiditeko.

Txuri-urdinak azken minutuetan ahalegindu dira gola egiten, baina ez dute Masipen atea zulatzerik lortu. Gauzak horrela, Donostiako taldeak porrotarekin hasi du bigarren itzulia.

 

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Remiro; Zubeldia, Zubimendi, Le Normand, Rico (Aihen, 46. min) Marin (Carlos Fernández, 83. min), Illarramendi (Olasagasti, 76. min), Robert Navarro (Oyarzabal, 61. min); Kubo, Barrenetxea (Brais Mendez, 46. min) eta Sorloth.

1 - Valladolid: Masip; Luis Perez, Javi Sanchez, Martín Hongla (El Yamiq, 84. min), Olaza; Kike Pérez (Aguado, 66. min), Monchu, Oscar Plano (Ivan Sanchez, 58. min); Plata (Lucas Rosa, 84. min), Machis eta Sergio Leon (Larin, 58. min)

Gola: 0-1, 72. min: Larin.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Rico, Barrenetxea, Illarramendi, Carlos Fernandez, Javi Sanchez, Olaza, Oscar Plano, Hongla eta Larin.