Gizartea -

BAKTERIO ERRESISTENTEAK

Italiako Ponza Film Awardsen saritu berri duten 'Erresistente' dokumentala, Primeran plataforman ikusgai

Bego Zubia Gallastegiren dokumentalak antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen arazoa jorratzen du. Elhuyarrek ekoitzi du eta EITBk ere parte hartu du bertan.

'Erresistente' dokumentalaren kartela
'Erresistente' dokumentalaren kartela
'Erresistente' dokumentalaren kartela

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa erakusten duen Elhuyarren 'Erresistente' dokumentalak ohorezko aipamena jaso du Italiako Ponza Film Awards zine jaialdian, eta aste honetan bertan jarri dute ikusgai EITBren Primeran plataforman.

Urteko sariez gain, hilero hainbat film saritzen ditu jaialdiak, eta otsaileko sarituetako bat izan da 'Erresistente' lana.

"Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2050ean, superbakterioak mundu osoan egongo dira, eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituzte", azaldu dute Elhuyarretik.

Bego Zubia Gallastegi da dokumentalaren zuzendari eta gidoigilea. Dokumentalak planeta osoari eragiten dion arazoa mahai gainean jartzen du ikertzaile, albaitari eta medikuen testigantzen bitartez. Gaixotu eta sendatu direnek euren testigantza ematen dute dokumentalean, edozeini gerta dakiokeela erakutsiz, baina, era berean, arazoari aurre egiteko aukera badagoela argituz.

Ildo horretan, Espainiako Estatuan berria den tratamendu baten ingurukoak azaltzen dira, eta, horrekin batera, lehenengo pazienteetako baten bizipenak erakutsi. "Infekzioa gainditzea lortu dutenen testigantzak hunkitu egingo gaitu, eta, aldi berean, bakterio erresistenteak areagotzearen ondorio larriak plazaratuko ditugu, eta horrek arazoari aurre egiten lagunduko digu, irtenbidearen zati bat guztion esku baitago", adierazi du Zubiak.

Dokumentalak, honenbestez, egon daitezkeen konponbideak azaltzen ditu, hainbat protagonistaren lekukotzen bitartez. Besteak beste, pertsona hauek hartu dute parte: Lucia Gallego Andres PRANeko kide eta EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzailea; Itziar Alkorta Calvo EHUko Zientzia Fakultateko irakasle eta Kimikan doktorea; Pilar Domingo Calap ikertzailea eta Fagoterapian aitzindaria; Maria Neira Gonzalez Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria; Maitane Aranzamendi Zaldumbide Donostia Ospitaleko mikrobiologoa; Patxi Lazkanotegi Muxika albaitaria; Ana Hurtado Esgueva NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko animalien osasunean aditua; eta Nestor Etxebarria Loizate EHUren Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea.

Dokumentala Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren FECYTen (Fundacion Española para la Ciencia y la Tecnologia) eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin egin da, eta EITBren partaidetza izan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak EITB Taldea Ongizatea eta osasuna