Gizartea -

Espainiako Gobernua

Kultura Ministerioak Tauromakiako Sari Nazionala ezabatzea erabaki du

Sektoreko profesionalek eta elkarteek "sektariotzat" jo dute erabakia. Erkidegoetako hainbat buruzagik ere kritikatu dute. Aitzitik, talde ekologistek eta animalistek neurria txalotu dute.

Julian Lopez 'El Juli' toreatzailea Madrilgo zezen-plazan. Argazkia: EFE
Julian Lopez 'El Juli' toreatzailea Madrilgo zezen-plazan. Argazkia: EFE
Julian Lopez 'El Juli' toreatzailea Madrilgo zezen-plazan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ernest Urtasun Kultura ministroak Tauromakiako Sari Nazionala desagertuko dela iragarri du gaur, diziplina hori "animalien tortura mota bat" dela iritzita.

Sektoreko profesionalek eta elkarteek "sektariotzat" jo dute erabakia. Erkidegoetako hainbat buruzagik ere kritikatu dute, besteak beste, Emiliano Garcia Page Gaztela-Mantxako presidente sozialistak.

Urtasunek 30.000 euroko sariaren inguruko erabakiaren berri eman du gaur. Azaldu duenez, "herritarren sentimenduari" erantzuten dio desagertzeak, "gero eta gutxiago ulertzen baita animalien tortura, eta horri sariak eskaintzea". Ministroak azpimarratu du urrats koherentea dela 2023an animalien ongizatearen legea onartzearekin.

Urtasunek ziurtatu du ohiturek "eboluzionatu" egin behar dutela, eta, beraz, ez dela egon behar "animalien torturarekin" zerikusia duen eta "diru publikoarekin egindako inbertsio batekin" lotuta dagoen saririk. "Espainiarren gehiengo batek babesten du nik gaur hartu dudan erabakia", erantsidu.

Tauromakiako Sari Nazionala 2011n sortu zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak, eta 2013an eman zitzaion lehen aldiz Francisco Manuel Ojeda Gonzalez toreatzaileari, Paco Ojeda izenez ezaguna denari. Azken saritua, 2023an, Julian Lopez izan zen, El Juli.

Ernest Urtasun Kultura ministroa. Argazkia: EFE

PPk iragarri du gobernatzen duenean saria berreskuratuko dutela, eta Senatuan mozio bat erregistratuko duela. Mozio horretan, PSOEk jarrera hartu beharko du bere gobernukide Sumarrek hartutako erabakiaren inguruan.

Horren ildotik, Urtasunek adierazi du erabakia Kultura Ministerioari dagokiola, eta, beraz, Gobernuko alde sozialistako "inor" ez dela berarekin harremanetan jarri.

Talde ekologistek eta animalistek txalotu egin dute Urtasunen neurria. PACMA alderdi animalistarentzat, "animalien aurkako tratu txarrak laudatzea eta bultzatzea" zen saria.

Real Union de Criadores de Toros de Lidia, Union de Toreros, Asociacion Nacional de Organizaciones de Espectaculos Taurinos (ANOET), Fundacion del Toro de Lidia eta Alianza Rural elkarteek, ostera, Kultura ministroaren dimisioa eskatu dute, eta erabakia "zentsura-ariketa" bat dela uste dute.

Horren ildotik, ohar baten bidez, elkarteek "iraintzat" jo dute neurria, eta gaineratu dute zezenketak Espainiako "jarduera ekonomiko kultural garrantzitsuena" dela. Azkenik, Urtasuni 18/2023 Legearen aurkako "erasoa" egitea leporatu diote, lege horrek ezartzen baitu "Estatuak tauromakia babestu eta sustatu behar duela, ministroaren ardura zuzena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Animaliak