Koronabirus berria ezagutzera eman zenean, duela urtebete, birus berria artifiziala zela eta pandemia planifikatuta zegoela zioten lehen buloak agertu ziren. Ordutik, eta urte honetan zehar, sare sozialetan covid-19ari buruz zabaldu diren fake news edo albiste faltsuek ez dute etenik izan.

Hildakoen eta kutsatuen datuak hor badaude ere, gaixotasuna bera ukatzen dutenen eta askatasun eskubidea aldarrikatzen dutenen kopuruak gora egin du nabarmen azken hilabeteotan. Pertsona horien askatasun aldarrikapenean, birusak eta zientziak gaixotasunaren hedapenari eusteko ezarritako neurriek ez dute lekurik.

Ez da berria buloen edo albiste faltsuen kontua, baina pandemiak areagotu egin ditu. Sare sozialek indar handia hartu dute, eta izugarri azkartu dute mezu horien hedapena eta zabalkundea.

EITB Mediak gertutik ezagutu nahi izan ditu albiste faltsu horien zergatiak eta nondik norakoak, baita albiste horiek gure gizartean izan duten eragina ere. Horretarako, Xabier Aierdi soziologo eta EHUko irakasle ohiaren laguntza izan du. Aierdiren hitzetan, albiste horien sorreran atzean hainbat faktore daude; beldurra, mesfidantza eta gehiegizko informazioa, besteak beste.

Beldurra

Aierdiren arabera, gaur egungo tentsio eta kezka egoeretan, “albiste faltsuak ebidentzien gainean sortu eta mantentzen dira, une horretan sinesmeneko sektoreak daudelako, dituzten zalantzak, ziurgabetasunak eta beldurrak argitzeko informazioa behar duten biztanleria-taldeak”.

“Pandemiaren moduko egoerek gure artean ohikoak diren segurtasun guztiak apurtzen ditu. Gainera, kutsatzeaz ari garenean, gainditu beharreko beldur horiek are gehiago handitzen dira, eta horien aurrean nolabaiteko segurtasun faltsuak, edozein informazio, ongietorriak izaten dira”, azaldu du.

“Beldurrak indar handia du gisa honetako mezuak sartzeko, eta une batez ez dakizu nola aurre egin mezu horiei”, esan du soziologoak: “Informazio zientifikorik edo ezagutza nahikorik ez dutenez, hutsunea buloek betetzen dute”.

Horri gizarte guztietan “munduaren ikuspegi konspiratiboa” duten pertsonen ehuneko bat dagoela gehitu behar zaio. Sekula ez dute izango “horrelako egoeretan adina jarraitzaile”. Aierdiren hitzetan, “konspirazio-interesen artean elkarrekintza handia dagoela pentsatu behar da, konspirazioak izan badirelako”, baina "mundua ezin da konspirazioz azaldu".

Mesfidantza edo konfiantzarik eza

Kezkak, beldurrak, antsietateak, egoera berriaren aurrean kontrolik ez izateak edo zenbaitetan nahasia eta kontraesanez beteta egoten den gehiegizko informazioak erakunde, gobernu eta komunikabideekiko konfiantza galtzea ekartzen dute, eta pertsona askok ez dute bertsio ofizialean sinesten.

"Erakunde politiko guztiak, gobernuak, estatuak, pandemiaren aurrean zalantzazko erakunde gisa agertu dira, inguruabarrei nola aurre egin jakin gabe, zenbaitetan hanka sartuz; hau da, eskura zegoen ezagutzak eman zezakeena eginez", esan du Aierdik. Azken finean, "jendeak errealitate politiko-instituzionaletik munduaren zati handi batean hornitu ezin diren segurtasunak bilatzen ditu", gaineratu du.

Soziologoaren aburuz, gainera, horrelako egoeretan, logika bat ere agertzen da: "Eta ni, zer?". Eta pentsaera hori “oso presentista eta berekoi-indibidualista da, horren hitzetan; izan ere, arrotza den edozeren aurrean, muga guztiak ixten baititu, dela herriarena, probintziarena, autonomiarena edo herrialde mugakidearena".

Soziologoak uste du jarrera mesfidati hori areagotu egin daitekeela eguneroko arazoak ezin badira konpondu. Esaterako, enpleguaren desagerpenari aurre egiteko gero eta ezintasun handiagoaren ondoriozko arazoak oso handiak izango dira, paradigma eta pentsatzeko modua aldatzea eskatzen dutelako.

Sare sozialak eta gehiegizko informazioa

Teknologia berriei esker, emisio-ahalmena esponentzialki hazten ari da egunetik egunera Aierdiren aburuz, “egungo sareek milioi bat igorlerengana iristeko ahalmena dute milioika hartzaile posibleentzat. Iristen den informazioa, gainera, kontrastatu gabekoa izan ohi da, baina sinesgarria, hedapen abiadura eta intentsitate izugarriak lor ditzakeelako”.

Sare sozialak komunikazio- eta informazio-sareak dira, berehalakotasun izugarria dutenak, sartzeko gaitasun handikoak eta kontrolik gabekoak. "Egoera honetan egiantza da funtsezkoena, egia izan litekeela ematen duena. Norbaitek interpretazio-esparruen barruan sinesgarriak diruditen ikuspegiak ematen baditu, arrakasta ziurtatuta dauka. Finean, begiratzeko moduak, ikusteko moduak eta interpretatzeko moduak dira. Emaiozu testuinguru bat, egin ezazu sinesgarri, eta gainerakoa bere borondatez egingo dizu hartzaileak ".

Munduko Osasun Erakundeak (OME) honela definitu du infodemia: “Gai bati buruzko gehiegizko informazioa da, eta gai horietako asko buloak edo zurrumurruak dira, pertsonek, behar dutenean, iturri eta orientabide fidagarriak aurkitzea zailtzen dutenak”.

Sare sozialak erlatibistak eta egia zientifikoaren printzipioaren suntsitzaileak dira. “Nik nire egia kontatzen dut” ideia dute oinarrian, EHUko irakasle ohiaren arabera.

Testuingurua

Duela gutxi Comunicar aldizkariak Alberto Mora Rodriguez eta Inmaculada Melero Lopez Murtziako Unibertsitateko irakasleek egindako ikerketa bat argitaratu du. Horren arabera, “krisi-testuinguru baten inguruko ziurgabetasun-egoeretan, arazoari buruzko albisteak ugaritu egiten dira, eta agertoki horiek desinformazioak eta fake newsak sortzeko eta zabaltzeko baliatzen dira.

Kanal ugariren bidez jasotako informazio-saturazioko testuinguru horrek zaildu egiten du egiazko albisteen eta albiste faltsuen artean bereizteko gaitasuna. Informazio-jarraipen handiena egiten dutenak ere beren zalantzak izaten dituzte fake news horien aurrean.

Testuaren arabera, pandemiari jarraipen handiena egiten dioten eta, beraz, albiste horiekiko esposizio handiena duten pertsonak dira arriskuaren pertzepzio handiena dutenak. Pertsona horiek informazio-saturazio handia izan lezakete, eta, ondorioz, erlaxatu egingo litzateke beren informazioaren egiazkotasuna modu eraginkorrean ebaluatzeko gaitasuna.

Ikerketak erakutsi du, halaber, loturarik badela gizabanakoaren desinformazioaren eta aurretik duten joera ideologikoen artean, esposizio selektiboaren indarraren ondorioz.

“Gure gain hartzen badugu fake newsen eta desinformazioen asmo politikoaren nagusitasuna, zentzuzkoa da pentsatzea zurrumurru horietako asko Gobernuaren aurkakoak izango direla. Horrek, gizabanakoaren esposizio selektiboko eta lerrokatze kognitiboko prozesu batean, eragin handiagoa izango luke ideologikoki eskuinaldean dauden hautesleengan, Gobernua partekatzen duten alderdien profila kontuan hartuta”, dio ikerketak.

Komunikabideen rola

Asko hitz egin da komunikabide tradizionalek honen guztiaren aurrean izandako rolari buruz. Ezezagunaren aurrean, komunikabideek askotan ez dute jakin informazio argia eta gardena ematen, eta horrek alerta egoera moduko bat sortu du gizartean. Baina, era berean, egon den informazioa gehiegizkoa izan da eta horrek asko zaildu du pertsonek baliabide fidagarriak eta nolabaiteko konfiantza-gida bat aurkitzea.

Xabier Aierdi soziologoaren ustez, pandemiari dagokionez, dagoeneko ezin dute atzera egin “prozesu koipetsu betean gaudelako eta dinamika hori guztia aldatzea oso zaila delako”. Aierdik onartu duenez, “ondo etorriko litzaiguke deseskalatze informatibo bat uneren batetik aurrera, baina ez zen erraza izango bere garaian, eta orain zaila ikusten dut”. “Zertara dator egun osoan, ordu ezberdinetan, hedabide guztietan errepikatutako datu, estatistika, eta abarra?”, galdetu du, baina “honek ez du konponbiderik”, erantsi du.

Informazioa “larritasun iturri ere izan da”. Aierdiren ustez, ohiko komunikabideek funtzionatzeko modu propioak dituzte, eta, neurri handi batean, aldaezinak dira.

“Egia gerraren lehen biktima dela esan ohi da. Bada, orain etengabeko eta egiturazko gerra informatiboan gaude, eta, ezin gara leloak izan”. “Sektore sozialak daude, eta borroka mediatikoan batzuk abangoardian daude, beste batzuk tropelean eta beste batzuk auto erratzaren zain, gehiegi sartu gabe”.

Dena den, ondorio izugarriak ditu, jendea beldur delako, zer gertatzen den ez dakielako eta informazio multzoak oraindik eta “zehaztugabetasun eremu handiagoan” sartzen dutelako, “zeri heldu ez dakiela, zer izan daitekeen errealagoa, edo fidagarriagoa” jakin gabe.

Eitb media buloen aurka borrokan

Denetariko buloak egon dira. Birusaren existentzia jarri da zalantzan, PCRen funtzionatzeko era, gripearen txertoa… Batzuek 5G teknologiari egotzi diote koronabirusaren hedapena, eta gaixotasunari aurre egiteko ustezko “konponbide” ugari argitaratu dira.

Pandemia hasi zenetik, EITB Mediak herritarren lankidetzarako zerbitzu bat jarri zuen abian, koronabirusari buruzko buloen aurrean, informazio fidagarria, egiaztatua eta kalitatezkoa eskuratu ahal izateko. Bi hilabetean, 2.000 abisu baino gehiago jaso ziren WhatsApp (600 900 454) edo e-mail (coronabulos@eitb.eus) bidez, balizko fake news batzuen berri emateko.

Denbora horretan, 1.000 bulotik gora gezurtatu dira eta argitaratutako edukiek milioi bat erabiltzaile bakar baino gehiago izan dituzte. Gaur-gaurkoz bere horretan dirau zerbitzuak, eta albiste faltsuei buruzko orri honetan kontsulta daitezke fake newsak

Erabiltzaileak ez dira “bidelagun” bakarrak izan bide horretan. Hala, EITBk VOST Euskadi Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartearen laguntza du, Maldita.es webgunearekin harremanetan dago, Maldito Bulo atalaren bidez, eta Radio Euskadiko La Mecanica del Caracol dibulgazio-programan parte hartu ohi duen komunitate zientifikoaren babesa du.

Sare sozialetan zabaltzen dituzten mezu faltsu horien atzean, askotan, maskaren eta txertoen aurkako taldeak daude. “Maskarei eta txertoei buruzko eztabaidak bazterreko eztabaidak dira. Bi eguneko iraupena izaten duten eztabaida gehiegi daude”, esan du Aierdik, eta ustez konponbideak zituen jende kopuruari erreparatuz gero, Aierdik ez du ulertzen nola izan daitekeen horren hilgarria. “Nire lagun batek dioen bezala, lotsagabeak denean daude”, erantsi du.

Kontuak kontu, soziologoak ondorioztatu duenez, “buloek eta informazio faltsuek ez gaituzte nahaspila honetatik aterako, ezagutza onak, zientziak eta txertoak baizik”.