Itxi

Baskonia

Laugarren partida

Caja Laboral-CSKA (70-74): Lauko Finalak ihes egin dio Baskoniari

Erredakzioa

Ivanovicen taldeak partida bikaina egin du baina ezin izan du talde errusiarra mendean hartu. CSKAkoek azken laurden ederra egin dute, epaileek hartutako erabaki eztabaidagarri batzuk lagunduta.

Caja Laboral Baskoniak 74-70 galdu du CSKAren aurrean, Euroligako final-laurdenetako laugarren partidan eta txapelketan ez du aurrera jarraitzeko modurik. Talde errusiarrak Parisko Lauko Finalerako txartela lortu du, hau serieko hirugarren garaipena izan baita.

CSKAk duen guztia kantxaratu du eta apustuaren emaitzak berehala jaso ditu Pashutinek. Talde errusiarrak markagailuan aurrea hartu du, nagusitasuna erakutsiz eta baskoniarrek hirugarren partidan agertutako nortasun sendoa ezkutuan utziz.

Baina bigarren laurdena ezberdina izan da, zeharo ezberdina. Nortasuna ez da sekula galtzen. Hori erakutsi dute, bederen, bai Ivanovicen mutilek eta baita Buesa Arenako 9.300 zaleek. Brad Olesonek eta batez ere Fernando San Emeteriok gidaritzaren ardura hartu dute kantxan eta laurden zirraragarri baten protagonistak izan dira. 27-8koa egin dio Baskoniak CSKAri, eta atsedenaldira 38-30ekoarekin heldu da, baskoniarren aldekoa, noski.

Lehenengo laurdenean CSKA nagusi, bigarrenean Caja Laboral, eta hirugarrenean parekotasuna. Gasteiztarrek Euroligan bizirik jarraitzeko helburuari tinko eutsiz, ederto kudeatu dute markagailuko errentari, mehatxu bai, baina ziztadarik eman ez duen CSKAren aurrean. Partziala 15nako berdinketarekin amaitu da eta beraz, azken laurdena, gasteiztarren aldeko 53-45ekoarekin hasi da.

''A Taldea''ren sintoniaren doinupean ekin zaio azken laurdenari. Moskuko, Parisko, Lauko Finaleko ametsari eustea helburu bakarra. Baina Holdenen azken laurden bikainak eta epaileek hartutako erabaki eztabaidagarriek ametsa zapuztu dute, arabarrak esnatuz.

Fernando San Emeteriok azken jabetzako baloia izan du garaipena lortzeko, baina partidako onena izan denak ez du asmatu bere hiruko jaurtiketarekin. Euroligako Lauko Finalak ihes egin dio, beraz, Caja Laboral Baskoniari.

Fitxa teknikoa:

Caja Laboral Baskonia-CSKA Mosku, (70-74).