Baskonia
Euroliga
Cibona-Caja Laboral, (75-78): Lehen garaipena 'Top 16'an
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Splitterren eta Baracen bajak asko igarri ditu Baskoniak, baina garaipen garrantzitsua lortu du Zagreben.
Caja Laboral Baskoniak bere lehen garaipena lortu zuen Euroligako ''Top 16''an. Bigarren ihardunaldian Cibonari Zagreben 75-78 irabazi zion.
Partida talde kroaziarraren aldeko 7-0eko partzialarekin hasi zen eta Baskoniari asko kostatzen zitzaion saskiraketak lortzea. Lehen laurdena bukatzeko bi minutu falta zirenean puntu bakarrera hurbildu zen Caja Laboral (11-10), baina etxeko taldea ez zen kokildu eta abantaila polita lortu zuen laurdenaren bukaeran. Lehen hamar minutuak etxeko taldearen aldeko 23-13ko emaitzarekin bukatu ziren.
Bigarren laurdenaren hasiera lehenaren antzerakoa izan zen. Cibonak 5-0eko partzialarekin ekin zion laurdenari 15 puntuko aldea lortuz (28-13). Ondoren, Baskoniaren erreakzio txikia etorri zen eta norgehiagoka 41-33ko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan Caja Laboral indartsuago kantxaratu zen. Defentsan sendoago eta erasoan hobeto aritu ziren gasteiztarrak eta laurdenaren erdialdean Baskoniak partida berdintzea lortu zuen (50-50). Ondoren hainbat berdinketa egon ziren (52-52, 54-54, 56-56 eta 58-58) eta hirugarren laurdena Cibonaren aldeko bi puntuko abantailarekin bukatu zen (60-58).
Azken laurdena ez zen ondo hasi arabarrentzat. Hainbat minutu eman zituzten saskiratzerik lortu gabe eta egoera hori ondo baliatu zuen Zagrebeko taldeak (67-60). Pixkanaka, akatsak konpontzen joan zen Baskonia eta partida bukaerarako 2:42 falta zirenean aurrea hartu zuen markagailuan (69-71). Ordutik aurrera markagailua oso parekatuta egon zen azkeneraino, baina garaipena Caja Laboralek lortu zuen (75-78).