Athletic Club
San Mamesen
Athletic-Hercules (3-0): Europako zaporea duen garaipena
Josu Bilbao
Erredakzioa
Zuri-gorriek sailkapeneko seigarren postua eskuratu dute Alacanteko taldea gaindituz. Javi Martinezek, Llorentek eta Iker Muniainek egin dituzte garaipenaren golak.
Athleticek urrezko hiru puntu lortu ditu Hercules ahul baten aurka eta Europa Leagueko postuetan sartu da 32 punturekin.Bilbotarrek 3-0 gainidtu dute Alacanteko taldea Javi Martinezen, Fernando Llorenteren eta Iker Munianen golei esker eta sailkapeneko seigarren postua eskuratu dute.
Zuri-gorriek ederki hasi dute norgehiagoka erasoan murgilduta eta hasierako minutuetan gol aukera garbiak sortu dituzte. Laugarren minutuan Javi Martinezek 1-0ekoa lortu du etxekoentzat burukada eder batekin eta partida ezin hobe jarri da bizkaitarrentzat. Aiegiko erdilaren golarekin taldeak konfiantza hartu du eta baloiaren jabetza mantentzen hasi da. Muniainek eta David Lopezek abagune onak izan dituzte bigarrena sartzeko, baina Calatayud erne egon da jaurtiketak desbideratzeko. 17. minutuan Undiano Mallenco epaileak akats larria egin du Fritzlerri txartel horia erakutsiz Muniaini egindako sarreragatik. Sarrera egin duena David Cortes izan da eta ez Fritzler eta Herculesko atzelariaren bigarren txartela izan beharko litzateke. Hala ere epaileak hanka sartu du, jokaliz erratu delako.
Bizkaitarrek agintzen jarraitu dute San Mamesen eta Koikili ezker hegaletik igotzen hasi da. Otxandioko jokalariak 2-0ekoa lortzeko aukera ona izan du, baina bere ezkerkada gutxigatik joan da kanpora lehen zatiko 21. minutuan. Esteban Vigoren mutilak erasoan animatzen hasi dira eta Valdezek gol aukera ona izan du 36. minutuan. Hala ere Gorka Iraizoz erne egon da eta paraguaiarraren zartakoa ondo desbideratu du. Atsedenaldian, Athleticek norgehiagoka kontrolpean izan du, nahiz eta soilik gol bakarreko aldea izan markagailuan.
Bilbotarrek bigarren zatia intentsitate askorekin hasi dute eta 51. minutuan Gaizka Toquerok gol aukera paregabea izan du. Hala ere gasteiztarraren burukada langara joan da eta Herculesek lasaitasuna ezarri nahi izan du zelaian. Esteban Vigoren taldeak aukera ederra izan du berdinketa lortzeko, baina Valdezen jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora partidako 54. minutuan. Etxeko taldeak ez du ezustekorik nahi izan eta 60. minutuan Llorentek 2-0ekoa lortu du burukada eder batekin. Iraolaren erdiraketa zehatza izan da penalti puntu ingurura eta zuri-gorrien bederatzi zenbakiak bere hamabigarren gola lortu du.
Athleticek ondo kontrolatu du emaitza eta baloiaren jabetza eta norgehiagokako 64. minutuan Iker Munianek azken 3-0ekoa lortu du. Txantreako gazteak ondo ostu die Herculesko atzelariei baloia eta buruz burukoan Calatayud gainditu du eskuinkada zehatz batekin. Caparrosek Gabilondo eta Iñigo Diaz de Cerio sartu ditu zelaian Llorente eta Muniainen ordez eta taldeak erasoan jarraitu du. Emaitza ezin hobeto babestu dute zuri-gorriek azken minutuetan eta gol aukerak sortu dituzte Alacantekoen ahulezia aprobetxatuz. Azkenean Vigoren mutilak ez dute lortu Iraizozen ate ingura heltzea eta bizkaitarrek garaipena lortu dute.
- Fitxa teknikoa:
3 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; David Lopez, Gurpegui (Orbaiz, min.46), Javi Martinez, Muniain (Gabilondo, min.77); Toquero eta Llorente (De Cerio, min.66).
0 - Hercules CF: Calatayud; Cortes, Abraham Paz (Cristian, min.61), Pamarot, Peña; Fritzler (Rodriguez, min.61), Abel Aguilar; Rufete, Valdez, Tiago Gomes (Portillo, min.72); eta Trezeguet.
Golak: 1-0, min.7: Javi Martinez. 2-0, min.58: Llorente. 3-0, min.64: Muniain.